FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. REALA. Kovacevic eta Jauregi multzoarekin batera entrenatu ziren atzo

Euren lesioetatik osatu dira jada, eta Racingen kontra jokatu ahal izango dute

Erredakzioa
2004ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Darko Kovacevic eta Igor Jauregi euren lesioetatik osatu dira jada, eta Racingen kontrako partida jokatzeko moduan daude. Biak ala biak gainerako taldekideekin batera entrenatu ziren atzo Zubietan, eta hasierako hamaikakoan izango dira bihar, itxura guztien arabera. De Paulak, berriz, ez zuen entrenamendu osoa egin, oraindik ere minduta dagoelako, eta ez da deialdian sartuko. Nihat izan zen atzoko saioan parte hartu ez zuen jokalari bakarra. Turkiarrak ez zuen Valentziaren kontrako partida bukatu, ezker hankan kontraktura zuelako. Halere, jokatzeko moduan izango da bihar ziurrenik.

Kovacevici egokitu zitzaion atzo agerraldia egitea. Serbiarrak jokatzeko prest ikusten du bere burua: «Aste bat daramat geldirik, eta hobeto nago. Gogo handia dut jokatzeko. Oraindik min apur bat badut, baina prest nagoela uste dut». Biharko neurketak sentsazio onak berreskuratzeko balio behar duela uste du Kovacevicek. «Derrigor irabazi behar dugu. Oso puntu garrantzitsuak dira konfiantza gureganatzeko». Haren iritziz, «begi bistakoa» da taldeak jokoa hobetu behar duela.

Racingen azkartasuna nabarmendu zuen Kovacevicek. «Gu bezala hasi dute Liga, gutxi gora behera. Kontraerasoan oso ondo ateratzen den taldea da eta jokalari oso azkarrak ditu. Daukagun guztia eman beharko dugu irabazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.