Malagak emandako jipoia lehenbailehen ahaztea komeni zaio Osasunari, eta hori lortzeko asmoz abiatu ziren atzo Javier Aguirreren jokalariak Albacetera. Bi hilabete egin ditu Osasunak Ligan irabazi gabe, eta bada garaia 2005eko lehen partida irabazteko. 1-6koaren ostean, alarma hotsak entzun dira Iruñean, eta gaur iluntzeko partida erabakigarria izan daiteke gorritxoentzat: galduz gero, jaitsiera postuetatik lau puntura gera daitezke nafarrak jardunaldi honen amaieran, eta larunbatean Bartzelona liderraren aurka jokatuko dute Sadarren. Egoera are eta zailagoa bihurtu aurretik, beraz, Albaceten irabaztea komeni da, eta, horretarako, hasierako hamaikakoan lau aldaketa egingo dituela baieztatu zuen atzo Javier Aguirrek. Lau aldaketetatik hiru, gainera, atzeko lerroan izango dira.
Lau aldaketa egitea ezin da iraultzatzat hartu; ez, behintzat, gaur bezala lau aldaketetatik bi derrigorrez egin beharrekoak direnean Mohari eta Krutxagari txartel gorria atera zieten Malagaren aurka, eta zigortuta daude gaurko lehiarako. Halere, argi dago Ligako defentsarik ahulena izateak ere eraginik izan duela. 25 partidatan 45 gol jasotzea ez da normala. Are gutxiago, jokalari berberekin Antonio Lopez soilik falta da iragan sasoian gol gutxien jaso zuen Ligako bigarren taldea izan ostean. Eta hori zuzentzeko, zerbait egin beharra dagoela erabaki du Javier Aguirrek. Krutxaga kapitainaren tokia Cuellarrentzat izango da, eta beste zentrala ere aldatu egingo du entrenatzaileak: Josetxoren tokian, Flaño gaztea kokatuko du. Atzealdeko aldaketekin amaitzeko, Expositok Izquierdoren tokia hartuko du eskuin hegalean, eta Moha marokoarrak zelai erdiaren ezker hegalean utziko duen hutsunea Albaceteko jokalari ohi batek beteko du, Ludovic Delporte frantziarrak.Javier Aguirrek berebiziko garrantzia eman zion atzo gaur iluntzeko norgehiagokari, eta «derrigorrez irabazi beharreko lehia» dela adierazi zuen. «Sei puntuko partida da, Albacete lau puntura edo hamarrera utzi baitezakegu», adierazi zuen atzo. 1-6koaren ostean jokatzeko era aldatu behar zutela aurreratu zien Aguirrek jokalariei, eta joko zatarragoa egin arren 0-0koaren bila zelairatu eta puntuak batzen hastea komeni dela gogoratu zuen. Atzo, halere, ez zion garrantzirik eman jokatzeko era aldatzeari: «Defendatzera al goazen? Irabaztera goaz, nola edo hala, berdin zait zein eratan, baina irabazi egin behar dugu».Patxi Izko presidenteak Malagaren aurkako partidan zaleekiko errespetu falta izan zela salatu ostean, Aguirrek partida amaieran barkamena eskatu zuela gogoratu zuen: «Sadarren bildutako zaleek pena eman zidaten». Halere, haren ustez, zelaian hitz egin behar da: «Gogo eza ez diezagutela inoiz leporatu, behintzat; hemendik aurrera, kritikatu ezin den jarrera erakustea nahi dut». Egoera aintzat hartuta, gogorik gabe zelairatzea barkaezina litzateke.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. SEI PUNTUKO PARTIDA
OSASUNAK LAU ALDAKETA EGINGO DITU HASIERAKO HAMAIKAKOAN ALBACETERI AURRE EGITEKO; GALDUZ GERO, JAITSIERA POSTUETATIK LAU PUNTURA GERA DAITEKE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu