Elurrak edozer gauza estaltzen du. Baita Real Madrilen eta Athleticen partida ere. Zurien kontra jokatzea egokitzen denean, sekulako ikusmina sortzen da Athleticen eta inguruan. Orain ez da horrelakorik gertatu. Asteon, Vienan gertatutakoa eta Espainiako Kopako finalerdietako zozketa izan dira hizpide nagusiak. Partida bezperan ere, atzo, apenas egin zen berba aspaldian partidak irabazi eta irabazi ari den Wanderlei Luxemburgo entrenatzailearen taldearen inguruan.
Hala ere, Athleticek partida garrantzitsua bezain gaitza jokatuko du Santiago Bernabeu futbol zelaian. Izan ere, Real Madrilen aurka jokatzea beti da berezia zuri-gorrientzat. Munduko jokalaririk onenek jokatzen dute zuriz janzten den taldean, eta haien aurka indarrak neurtzea beti da erakargarria; froga moduko bat da. Motibazioa handia izaten da, baina zailtasuna ere bai. Are eta gehiago Real Madril konfiantza handiz dabilenean. Ez da ondo jokatzen ari, baina Luxemburgo entrenatzaile brasildarra fitxatu zuenetik, Eguberrietatik, ez du partidarik galdu Espainiako Ligan: zazpitik zazpi irabazi ditu. Aurkaria denboraldiko bolada eta sasoirik onenean dagoela jokatuko du Athleticek Bernabeun. Txapeldunen Liga etenda dagoenean ematen du onena Ligan Florentino Perez presidentearen taldeak. Aurten ere berdintsu ari dira, eta Liga galduta edukitzetik Bartzelona urduri ipini arte aurreratu dira lau puntura daude madrildarrak.Ondorioz, Real Madrilentzat aurkari zuzena estutzen jarraitzeko beharrezkoa da gaur irabaztea. Etxekoek puntu premia dute, baina Athleticek ere bai. Zuri-gorriek azken jardunaldietan egin duten joko onak ez du islarik izan emaitzetan, eta apurka UEFA Koparako sailkatzeko postuak aldentzen hasi dira.Bernabeun ezustekoa emateko ia prest du hasierako hamaikakoa Ernesto Valverdek. Ezker hegalekoan dauka zalantza: Del Horno ez dago sasoi onean, eta baliteke Casasek gaur beste aukera bat izatea. Defentsako lana indartzeko egindako aldaketa izango da.Era berean, litekeena da 4-4-2ko sistema erabiltzea eta jokalaririk aurreratuenak Ezquerro eta Etxeberria izatea. Kontraerasoan aritzeko haiek dira aproposenak, are eta gehiago Helguera eta Samuelen ezaugarririk nabarmena abiadura ez dela kontuan hartuz gero. Aspaldiko partez, Lacruz eta Jonan ere deialdira itzuli dira.Real Madrilen, berriz, zalantza bakarra, Ronaldo ariko ote den. Brasildarrari ez dio onik egin aste honetako bere ezkontzaren jaiak, eta min du ezker hankako behatz lodian. Ez dirudi jokatzeko moduan dagoenik, eta Michael Owenek ordezkatuko du. Kontuz aritu beharko dute erdiko atzelari zuri-gorriek, ingelesa bolada onean baita. Txartelak tarteko, Roberto Carlosek ere ez du jokatuko. Figo, berriz, taldera bueltatuko da.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. zuritik zuriengana
UEFAKO GORABEHERAK TARTEKO, OHARKABEAN PASAtu DA ATHLETICEN SASOIKO partida GARRANTZITSUENETAKO BAT; casas edo del horno, hori da valverderen zalantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu