Etxetik kanpo jokatu dituen azken lau partidak galdu egin dituzte Javier Aguirreren mutilek, eta Sardineron bolada txarra amaitu nahi dute. Osasunaren urteroko helburua Sadar gotorleku bilakatzea izan ohi da, eta alde horretatik, kexatzerik ez dute gorritxoek, Liga hasiz geroztik Sadarren jokatu dituzten sei partidetatik lau irabazi, bat berdindu eta bat galtzea ez baitago batere gaizki. Halere, etxetik kanpo gutxienez berdinketa batzuk lortzea ezinbestekoa da denboraldi txukuna egin ahal izateko, eta hor kale egiten ari da Osasuna.
Etxetik kanpo jokatu zuten lehen partidan, Riazorren, 1-3 nagusitu ziren Aguirreren mutilak Deportivoren aurka, baina harrezkero etxetik at jokatu dituzten lau partidak galdu dituzte, bederatzi gol jaso eta bakar bat ere ez dute egin. Santiago Bernabeun 1-0 galdu zuten, Malagan 2-0 eta Nou Campen zein Vila-realen 3-0. Estatistika txar horiek txukuntzen hasteko garaia badu Osasunak, eta gaur arratsaldean Sardineron horretan ahaleginduko dira nafarrak, nahiz eta Savo Milosevic, John Aloisi eta Jose Izquierdo min hartuta diren eta horien hutsuneak garrantzitsuak izan.«Iragan sasoian etxean adina puntu batu genuen etxetik kanpo, eta sasoi honetan, aldiz, etxean hobera egin dugu, baina etxetik at negargarri ari gara. Etxetik kanpoko partidetan horrela jarraitzerik ez dugu», esan zuen atzo Javier Aguirrek, Sadarretik at jokatu dituzten partidetako estatistika tamalgarriak gogoan.Entrenatzaile mexikarra kezkatzen hasia da Iruñetik urrun lortu dituzten emaitza kaskarrekin, eta, gehiegi arduratzen hasi aurretik, bolada txarra gaur bertan amaitu nahi du mexikarrak. Halere, Aguirrek badaki gaur arratsaldekoa ez dela neurketa samurra izango: «Racing oso ondo ari da, joko sistema aldatu eta bost defentsarekin jokatzen ari denetik, ez diote ia gol aukerarik sortzen, eta azken jardunaldian Espanyolen zelaian galdu egin bazuen ere, Lucas Alcarazen mutilek hiru partida jarraian irabazi zituzten Montjuicekoaren aurretik», gogoratu zuen mexikarrak atzo, Taxoaren, azken lan saioaren ondoren eskaini zuen prentsaurrekoan.
Morales, Milosevic ordezkatzeko prest
Osasunak jokalari garrantzitsuak falta izango ditu Santanderren. Taldeko golegilerik onena, esaterako, Savo Milosevic, ez da gaur Sardineron izango. Asteazkenean bere selekzioarekin Bruselan jokatu norgehiagoka batean min hartu zuen, eta, gaur arratsaldekoaz gain, baliteke beste hiruzpalau partida ere galtzea. Aurrealdean John Aloisi izaten du lagun Milosevicek, baina hura ere min hartuta dago; hori dela eta, aldaketak egitera behartuta dago Aguirre. «Morales 90 minutuak jokatzeko moduan bada, berak ordezkatuko du Milosevic», esan zuen atzo entrenatzaile mexikarrak.
Richard Moralesek Uruguaiko selekzioarekin jokatu zuen asteazkenean, Pablo Garciak bezalaxe, eta atzo egin zuen asteko lehen lan saioa Taxoaren. Morales bera jokatzeko prest azaldu zen: «Ongi itzuli naiz, jokatzeko prest nago, gogotsu, eta entrenatzaileak hala erabakiz gero, hamaikakoan izango naiz. Aitzakiarik ez dut, gauza garrantzitsuak ditugu jokoan, eta nekeak ezin du eragozpen izan», esan zuen aurrelari uruguaiarrak.Dena den, Valdo eta Webo aurrean jarri eta eskuin hegalerako Ortizen eta David Lopezen arteko hautua egitea ez zuen erabat baztertu Aguirrek, eta azken unea arte ez dugu jakingo nafarrek zein hamaikako zelairatuko duten. Atzealdearen eskuin hegala Unai Expositorentzat izango da berriz ere, Izquierdok min hartuta jarraitzen baitu. Atean Juantxo Eliak jarraituko du, Realaren aurka hasieratik aritu ziren jokalari gehienek bezala.
FUTBOLA. Estatistikak txukuntzeko garaia
Etxetik kanpo jokatu dituen azken partidak galdu ditu Osasunak; horrekin amaitu nahi du gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu