FUTBOLA. Handiustekoak

enekoitz telleria sarriegi
2004ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
xikiak handi eta handiak txiki-txiki eginda. Hori finalerdietara iritsita 2004ko Eurokopak eman duten ondorio nagusia. Handiustekoak, milioiak gurdika mugitzen dituzten futbol liga nagusien ordezkariak, batere saririk gabe. Batere saririk gabe eta, asko, barregarri.

-INGALATERRA: Horrenbeste indar alferrik galduta. Gaizki egindako apustuak bata bestearen atzetik. Eriksson entrenatzaileak lotu du taldea. Ez dio aske izaten utzi. Gol gehien sartu dituen selekzioa Eurokopatik kanpora, eta behin eta berriz errepikatu den istorioa: aurrea hartu, eta irabazten jakin ez. David Beckham bihurtu da porrotaren irudia, orain arte arrakasta eta glamour-arena izan denean. Ez zegoela sasoiko zioten, baina faltak eta penaltiak botatzeko ez dagoela hura bezalakorik. Eskerrak! Txisteak atera dizkiote huts egindako penaltiagatik. Egin du harenak. Ingalaterran orain beste bat maite dute: Wayne Rooney.

-ITALIA: Ezina. Bere betiko futbolean, jokatzeko modu berean harrapatuta jarraitzen du, aurrera egin ezinda. Emaitza onen ehizan beti, baina defentsa kaskarrarekin sendoarekin beharrean, eta eraso antzuarekin emankorra beharrean. Pirlo, Zambrotta eta Cassano salbatu direnak. Trapattonik haren alde egin duenetan primeran erantzun dute eta etorkizuna haien esku dago, euren jokatzeko era ulertzeko gai den taldekide gehiago topatuz gero. Bakoitzarentzat eta taldearentzat proportzio orekatsuagoan jokatzen jakin behar dela ikasten dutenean. Vierik, Tottik, Del Pierok eta enparauek ez dute jada ikasiko.

-FRANTZIA: Errentetatik ezin da beti bizi. Amaitu da txapeldunaren aroa. Krisian dago. Egia da irabazi dituen azken txapelketak joko ikusgarririk egin gabe irabazi dituela, baina ikusgarritasuna lanerako eta borrokarako grinarekin ordezkatzen zuten jokalari haien emana agortu egin da, eta kalitatea eta magia eman behar zituztenena ere bai, mementoz. Barthez, Desailly, Lizarazu, Thuram eta Pires dira lehen talde horretakoak; Zidane, Henry eta Trezeguet bigarrenekoak.

-ALEMANIA: Sormenik gabeko jokoaren paradigma. Azken 30 urteotan futbol berbera, jokatzeko era berbera, baina duela 30 urte baino jokalari askoz kaskarragoekin. Gerririk gabeko atzelariak, ideiarik gabeko erdilariak eta azkartasunik gabeko aurrelari kankailuak. Txarra da hori, baina okerragoa da atzetik ez datorrela inor ikustea, aldaketarako horren premia larria dutela kontuan hartuta.

-ESPAINIA: Handiustea letra larriz. Direna, inoiz izan ez direna, horren muturrera eraman nahi eta ezina. Taldea txarra ez, baina oroimena nonbait bai. Inon lortu eta erakutsi gabekoarekin bakarrik ezin dela jokatu, alegia. Eta horrelakoetan, belarrondokoak jaso behar noski. Erruduna, hori bai, Saez. Beti entrenatzailea erruduna Espainian, jokalariak konplexuz eta pozoiz kutsatzen dituztenak ez, haiek ez. Segi horrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.