FUTBOLA. Jokatu eta gozatu

haritz gallastegi
2005eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun


ulen Guerrerok diskurtsoa aldatu du. Orain dela pare bat denboraldira arte hasierako hamaikakoan lekua bermatuta zuela zirudien. Ordurako bere jokoaren gainean eztabaida piztua zegoen, baina entrenatzaile gehienek titular zelairatzen zuten. Apurka galdu zuen protagonismoa, Heynckesen bigarren urtean deialdietatik at geratzen hasi zen arte. Valverderekin ohitura bihurtu zen Athleticeko kapitaina aukeratuen artean ez ikustea.

Gutxitan gertatzen den egoera bizi izan du azken bi denboraldiotan bizkaitarrak. Batetik, entrenatzaile eta aditu gehienek normaltzat jo dute Guerrero zelaietatik desagertzea. Bestetik, zaleak egon dira. Zaleak sekula ez du ulertu talde zuri-gorriko azken ikurrak horren gutxi jokatzea. Beroketa ariketak egitera irtetzen zen bakoitzean, Athleticek gola sartzen zuenean adinako txalo entzuten zuen jokalariak. Egoera berezia eta gaitza. Zuzendaritzarentzat ere ez da egoera samurra. Kontratu bikaina du baina ez du jokatzen. Beraz, irtenbide bat aurkitzeko beharra ikusten dute. Halere, nor ausartuko da Guerrero merkatuan ipintzen berak taldean jarraitzea gura duela esan ostean?Mendilibarrek izan dezake egoerari ateak zabaltzeko giltza. Aspaldi izan ez duen protagonismoa eman dio Guerrerori udan. Ez du maila txarra eman, gainera. Denboraldi-aurrean gehien jokatu duen futbolarien artean dago eta kapitainak irrifarrea berreskuratu du. Baina, jokalari eta teknikariak behin eta berriz esaten duten moduan, lehiaketa beste kontu bat da. Ligan ikusiko da Mendilibarrek kontuan hartzen duen ala ez. Urzaiz eta Yeste min hartuta egon direlako, Intertotoari esker gainerako taldekideek baino sasoi hobea izan duelako, Ezquerroren faltak alternatiba bat gutxiago eskaintzen duelako edo benetan sarri jokatzeko moduan dagoelako erabili duen Zaldibarkoak.Zer gertatuko den zain egon bitartean, Liga hasierak sortzen duen kilikarekin dago Portugaletekoa. Derbian hasieratik aritzeko aukera gutxi du, baina ilusioa berreskuratu duela dirudi. «Pozik nago. Denboraldi-aurrean asko jokatu dut. Gauzak nahiko ondo egin ditut eta konfidantza hartu dut. Ez da gutxi», adierazi zion Guerrerok berriari.14. denboraldia jokatuko du Lehen Mailan. 400 partida ofizial baino gehiago jokatu ditu eta 116 gol sartu. Halere, azken sasoietan minutu gutxi jokatu ditu. Ondorioz, bere helburuak ere aldatu egin dira. Ez du sasoian sartu ahal izango duen gol kopuruan pentsatzen. «Jokatzea eta gozatzea da nire xede bakarra. Gustura banago ondo egingo ditut gauzak. Ez dut gol kopuruan pentsatzen, baina nire jokoarekin bat doan ezaugarria da».Horrenbeste urte elitean egon ondoren denetarik bizi izan du. Momentu onak, gehienak, eta ez horren onak. Txarren inguruan, Valverderen gainean alegia, ez du berba egin gura. «Hamalau denboraldi asko dira. Denbora azkar pasatu da, berehala. Horretaz ohartzen naiz atzera begiratzen dudan bakoitzean».Atzera begiratu eta azkar egiten du bere ibilbidearen errepasoa, baina aurrera ere ez du larregi begiratzen. «Oraina da niretzat garrantzitsuena. Ez dakit noiz arte segiko dudan». Athletic eta Guerrerorentzat derbia da oraina, eta sasoia ondo hastea espero du. Ez du ilusiorik galtzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.