FUTBOLA. Lagun minak elkarren aurka

Nedvedek eta Zambrottak gela berean egiten dute lo Juventusekin bidaiatzen dutenean; lagun minak dira, baina gaur, elkarren aurka ariko dira Italiaren eta Txekiar Errepublikaren arteko partidan

Imanol Magro Eizmendi.
2006ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Kirol legea krudela da askotan. Lagun minek elkarren aurka jokatu behar izaten dute. Urtean barrena elkarrekin makina bat bidaia eta aitortza bizi ostean, Pavel Nedvedek eta Gianluca Zambrottak elkarren aurka jokatuko dute gaur. Biek asko dute jokoan, gainera, ez Italiak ezta Txekiar Errepublikak ere, oraindik ez dutelako ziurtatu final-zortzirenetako txartela.

Nedved eta Zambrottaren arteko harreman estua ezaguna da. Bost urte dira Turingo Juventusen elkarrekin jokatzen dutela. Euren laguntasuna, baina, talde barneko jardun normaletik haratago doa, bidaia eta kontzentrazio ugarietan beti gela berean egiten baitute lo. Elkar ondo ezagutzen dute, eta kazetariek badakite. Prentsa aurrean egin dituzten agerraldietan Italiako kazetariek biak xaxatzen dituzte bestearen bitxikeriak ezagutzeko. Ez batak ez besteak ez dute argibiderik ematen, baina. Nedvedek partidaren aurretik ez hitz egitea erabaki du, eta Zambrottak Nedved goiz jaikitzen dela argitu du bakarrik. Ez batak ez besteak ez dute nahi izan lagun minaren sekretuak agerian utzi .

Gaur aurkari izango diren arren, egun kezka berak arduratzen ditu Nedved eta Zambrotta: Juventusen egoera larriak. Gaurko hitzorduaz haratago biek ezin dute euren etorkizunaz hitz egin. Juventuseko buruei hainbat partidatan iruzur egin eta epaileen aukeraketa baldintzatu izana leporatzen diete. Epaiketa Munduko Koparen ostean hasiko da, eta probak nahiko garbiak direnez, litekeena da taldea Bigarren edo Hirugarren mailara jaistea. Ezusterik ez badago epailearen ebazpena izango da Nedved eta Zambrotta lagun minak bananduko dituena.

Nedvedek (34 urte) Juventus Bigarren Mailara jaisten bada erretiroa hartuko duela aurreratu du. Zambrottak (29 urte), berriz, Turin utzi eta beste talderen batera joko du. Real Madrilek eta Milanek bere atea jo dute dagoeneko, bera, baina, epailearen ebazpenaren zain egongo da. Hortaz, baliteke gaurkoa bi lagunek zelai berean topo egiten duten azken aldia izatea, eta gehiegi dute jokoan txantxetan ibiltzeko. Esandakoa, kirol legea krudela izaten da maiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.