FUTBOLA. Lider goiztiarren lehia

Getafe eta Osasuna hiruna jardunalditan izan dira sailkapenaren buruan liga hasieran

2005eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
2004-2005 denboraldiaren lehen hereneko bi talde sendoenetakoak ariko dira gaur aurrez aurre Alfonso Perez Coliseumean. Izenari eta aurrekontuari erreparatuz gero, Osasuna eta Getafe ez dira ageri Ligako onenen artean, baina sailkapenak bestelakoa dio: Javier Aguirreren taldea sailkapenaren buruan da azken hiru jardunaldietan, eta Bernd Schusterrenak beste hiru jardunalditan izan du ohore hori Liga hasiz gerotik.

Lider goiztiarren arteko lehia da gaurkoa. Denboraldi amaieran Osasuna zein Getafe sailkapenaren lehen postuetan ikustea ez da erraza izango, baina oraingoz Ligako talderik sendoenetakoak dira. «Iragan denboraldiko 0-0ko bezalako partida bat espero dut. Fisikoak garrantzi handia izango du, lehia gogorra izango da, borroka handikoa eta orekatua», iragarri zuen atzo Javier Aguirrek. Ez harritu mexikarrak iragarpenean asmatzen badu.

Getafek ez du iragan sasoikoaren antz handia. Aldaketa ugari izan da Madrilgo taldean, Quique Sanchez Floresen aginduetara denboraldi txukuna burutu eta hamahirugarren postuan amaitu zutenez gerotik. Aldaketa nabarmenena aulkian bertan: Sanchez Flores Valentziak fitxatu zuen eta Bernd Schusterri deitu zion Getafek. Hamar fitxaketa egin ditu, eta sasoi honen hasieran iragan denboraldiko markak gainditzen ari dira orain artean: laugarren postutik jaitsi gabe ibili ondoren, azken jardunaldian Bartzelonaren aurka etxean galdu ostean zortzigarren postuan dira egun. «Getaferen grinak eta bere futbolaren mailak harritu egin nau. Ondo jokatzen dute, eta berdin aritzen dira etxean eta etxetik kanpo. Etxetik at hiru partida irabazi dituztela uste dut, eta etxean oso puntu gutxik egin die ihes. Bartzelonak soilik irabazi du Getafen. Ondo fitxatu dute, entrenatzailearengandik hasita», esan zuen atzo Aguirrek, badaezpada. Madrilen irabaztea erraza ez dela izango badaki, eta Anoetan irabazi ostean baikorregi azal daitezkeen osasunazaleak baretzea nahi zuen.

Jokalari internazionalik ez

Aguirrek bere txandakatze sistemarekin jarraituko du gaurko norgehiagokan ere. Azken jardunaldian Anoetan hasieratik zelairatutako hamaikakoarekin alderatuz gero, bost berritasun izango dira Getafen: Krutxaga, Josetxo, Muñoz, David Lopez eta Romeo. Oraingoan, zenbait jokalari gorritxok azken astean bere herriko selekzioekin jokatu dituzten partidek zerikusia izan dute Aguirreren erabakian. Esate baterako, Marcelo Sosa uruguaitarra eta Savo Milosevic serbiarra ez dira gai izan oraindik bere taldekideekin entrenamendu bat burutzeko. Javier Aguirrek deialditik at utzi ditu biak, eta Webo kamerundarra eta Moha marokoarra ordezkoen aulkian eseriko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.