Marka da gero Alaves egiten ari dena. Etxean sei norgehiagoka jokatu ditu Liga txapelketari ekin ziotenetik eta ez da bakarra ere irabazteko gai izan. Europako Ligarik garrantzitsuenak hartu ( Ingalaterrakoa, Espainiakoa, Italiakoa, Frantziakoa eta Alemaniakoa), eta beste sei talde baino da ez daude Alavesen egoera berean: 98 taldeetatik sei. Marka da hori. Estatistika madarikatu hori alboratzen saiatuko da gaur Cuperren Mallorcaren kontra.
Izan ere, Alavesek, joan den astean esan bezala, gustua hartu dio markak hausteari; edo behintzat, horretan ahalegintzeari. Orain bi aste, esaterako, San Mamesen jokatu zuen. Egun horretaraino zorigaiztoko zelaia zen hura gasteiztarrentzat, Athleticen aurka Katedralean aurretik jokatutako 10 partidetan ez baitzuen punturik eskuratu. Bada, marka hori hautsi zuen joan den azaroaren 20an, 2-0 irabazita. Azken jardunaldian ere, horretarako prest zegoen. Etxean jokatutako guztia irabazita zegoen Osasuna. Alaves marka hori haustera irten zen Sadarreko berdegunera, baina ezin azkenean, partida txukuna, serioa osatu arren. Gabonak gainean direla-eta, Mallorca aurkari aproposa izan liteke etxean lehendabiziko lehia irabazteko, eta zaleak pozarren uzteko. Bada garaia!
Europako Liga nagusietako sailkapenak begiratuta, beste sei talde besterik ez daude, esan bezala, Alavesen trantze berean. Portsmouth (zazpi partida), Birmingham (zazpi partida) eta Sunderland (bederatzi partida). Hirurak sailkapeneko azken hiru tokietan daude. Sunderland bakarrik da igoberria. Calcio-an Treviso (sei partida) eta Messina (sei partida) dira. Frantzian, berriz, Strabourg (zortzi partida). Azkena da sailkapenean. Alemaniako Bundesligan, berriz, azkenak ere partidaren bat irabazi du bere zaleen aurrean.Gainera, bada gaurko partida bitxia bilakatzen duen datu bat. Hartara, Mallorcak ere 14. jardunaldian irabazi zuen, joan den denboraldian, lehen partida etxean. Numantzia hartu zuen mendean Son Moixen, joan den urteko abenduaren 5ean.
Ezin hirugarrenez hamaikakoa errepikatu
Ezin esan Alaves bolada onean dagoenik, baina azken bi partidetan, behintzat, beste itxura bat eman du. San Mamesen irabazi ostean, Sadarren ez zuen berdinketa urrunegi eduki. Hori, hamaikako jakin bati konfiantza emanda lortu du Dmitri Piterman eta Chuchi Cos akolitoaren taldeak. Cosek ezin izango du gaur hamaikako bera zelairatu. Batetik, Gaspar zigortuta dagoelako. Eta bestetik, erasoa indartu nahi duelako. Hartara, Gasparren ordez, Juanito (hau hasieratik arituko da, postua edozein dela ere), edota Tellez bera aritu litezke. Bestalde, Aloisik edo Bodipok jokatzeko aukera izan dezakete. Defentsako ezker hegalean Lacen aritu daiteke.
FUTBOLA. Marka da gero
Etxean lehen garaipena lortu behar du Alavesek, Mallorca aurkari duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu