Osasunako jokalariek talde handien aurka apalenen aurka baino grina handiagoa erakusten dutela gauza jakina da. Azken denboraldietan jaitsiera postuetan ziren taldeek Sadarren lortutako emaitza onak horren ondorio zuzena dira (Rayok, Recreativok eta Tenerifek aise irabazi zuten Sadarren esaterako, sailkapeneko zuloan sartuta zirenean etorri arren). Horrexegatik, bere jokalariek gaur iluntzean Numanciaren aurkako lehian erakutsi dezaketen jarrerarekin kezkatuta azaldu zen atzo Javier Aguirre: «Aurkariak baino gehiago kezkatzen nau gure taldeak. Nola zelairatzen garen ikusi beharko da, ea ez garen pentsatzen hasten etxera eramango gaituzten hegaldietan eta oporretan. Azken hiru urteetan talde apalenek atsekabe bat baino gehiago eman digute Sadarren, eta hori errepikatzerik ez nuke nahi», adierazi zuen mexikarrak. Zalantzak izateko arrazoirik eman diote, bai, bere jokalariek azken urteetan. Mallorcan etxetik kanpoko bigarren garaipena lortu ostean, ordea, Aguirrek ez du nahi Numanciaren aurka kale egiterik.
Sasoi honetan behin bakarrik lortu dituzte nafarrek bi garaipen jarraian (Riazorren irabazi zuten bigarren jardunaldian, eta Betisen aurka hirugarrenean, Sadarren), eta bigarren aldiz hori lortu nahi du gaur entrenatzaile mexikarrak. Halere, talde apalenen aurka izandako jarrera pattalez gain beste estatistika beltz bat ere gogoratu zuen atzo Javier Aguirrek: «Azken igoeraz geroztik Gabonetako bezperan jokatutako partidak galdu egin ditugu urte oro, eta estatistika hori hautsi beharra dugu», adierazi zuen atzo mexikarrak, estatistika hori gogoratzen zion orria bi eskuekin hartu eta lau zatitan banatzen zuen bitartean.
Aguirrek ez du lasaikeriarik nahi, eta partida batean edozer gauza gerta daitekeela jakin arren, hau adierazi zuen: «Gutxienez gogotsu zelairatu behar da, serio irten behar da berdegunera». «Galtzen badugu, aurkariak irabazteko merituak egin dituelako izan dadila behintzat», amaitu zuen mexikarrak.
Cesar Palaciosen itzulera
Bestalde, gaurko partidak Palaciosen itzuleraren berezitasuna izango du. Azken urteetan Osasunako kapitaina izandakoak udan amaitu zuen Osasunan egindako bere ibilbide luzea, eta Soriarako bidea hartu zuen Palaciosek, Numancian Osasunan baino jokatzeko aukera handiagoa zuelakoan. Gaur, bere etxea izandakora itzuliko da Palacios, eta, bere osasunazaletasuna ezagututa, partida berezia izango duela aurreratzea ez da gehiegi esatea. «Zelaian bezala zelaitik at gizon portatu izan da, eta beste elastiko batekin Sadarren ikustea bitxia eta arraroa izango da; baina Numanciarentzat garaipena nahi duela argi daukat», esan zuen Aguirrek.
FUTBOLA. oporrak bihar hasIKO dira
Javier Aguirre kezkatuta daGo bere jokalariek Numanciaren aurka zein jarrera izango ote duten; Milosevic eta Izquierdo prest egongo ote diren ez zuen aurreratu nahi izan mexikarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu