FUTBOLA. Orain bai, orain irabazi

Egoerak behartuta, puntuen dezenteko premiarekin zelairatuko dira Alaves eta Osasuna gaur Mendizorrotzako derbian

IGOR SUSAETA - ASIER LEGARDA-EREÑO
2006ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Azken asteetako jardunari eutsi. Hori egin beharko luke Alavesek, gaur Mendizorrotzan, Osasunaren aurkako derbian. Azken bost partidetan ez duelako galdu. Azken lau partidetan ez diotelako golik egin. Horri eutsi eta ate aurrean asmatu. Futbolaren topikoak, bai. Baina hasiera batean ez bezala, Espainiako Ligako Lehen Maila amaitzeko zazpi partida gelditzen direnean, topiko horiek asko dute errealitate gordinetik. Irabazi edo irabazi, orain bai, gauzak zirt edo zart erabakitzen direnean.

Alavesek gainean du Reala, puntu bakarrera. Alboan du Mallorca, eta hurbil baino hurbilago Athletic, Espanyol eta Racing. Orain bai, orain berebiziko garrantzia du puntuak hirunaka batzeak. Liga amaitzen ari delako, erreakzionatzeko denborarik ez dagoelako. Iragan asteko derbiari gatza eta piperra faltako zitzaizkiola iragarri genuen. Eta halaxe izan zen, bi taldeei berdinketa komeni zitzaielako. Baina sailkapena erabat estutu da berriro. Hau da, hobe etxeko lanak lehenbailehen egitea. Horrela bada, hiru puntuak lortuz gero, lan horrek ez du alferretik ezer ere edukiko, nahiz eta partidan zehar piperrik ere ez jokatu. Puntuak puntu dira, txo.Dmitri Piterman ahalguztidunak itxuran ari den hamaikakoari eutsiko dio. Hori bai, Gasparrek ezin izango du jokatu, zigortuta dago eta. Bodipo ere kanpoan geldituko da ziurrenik. Aste osoa Sevillan (Espainia) igaro du, aita izan delako. Atzo heldu zen Gasteizera, baina ez dirudi hasieratik arituko denik. Juanitok eta Jandrok jokatuko dute bi horien tokietan. Astudillo hamaikakora bueltatuko da, behin lesioa osatuta. Coromina, berriz, ez da deialdian sartu, gainkargarekin jarraitzen duelako. Aldaketa horiek direla medio, 4-2-3-1ekoarekin jokatuko du Alavesek. Izan ere, Jandro punta erdian moldatzen da ondoen. Halere, ez harritu azkenean Ruben Navarrok edo Pachecok jokatzen baldin badute Bodiporen postuan. Maisua da Piterman ezustekoak emateko orduan. Horregatik, Bodipo hasieratik ikustea ere ez litzateke harritzekoa izango.Derbi honi ez zaio faltako ez gatzik, ez piperrik ez kolorerik. Alaves Gare taldeak bederatzi peñatako kideek Hintxa Jaialdia deritzona antolatu du gaurko. Talde horrek Dmitri Pitermanen kudeaketa salatzea du helburu. Horretarako hainbat aldarrikapen egin ditu. Jaialdia Mendizorrotza ondoan kokatutako karpa batean ospatuko dute.

Aguirre: «Ezin dugu gehiago huts egin»

Athleticen eta Getaferen aurka jarraian galdu ostean, Osasunak lehenbailehen erreakzionatu beharra dauka Txapeldunen Ligako postuetako borrokan jarraitu nahi baldin badu. Azken hutsen ondoren ere, jokalariak ongi ikusten ditu Aguirrek, dena den: «Asko zaildu da talde hau, eta talde arduratsua dela uste dut. Astelehenean jokalariak baino okerrago nengoen ni», ziurtatu zuen entrenatzaile mexikarrak. Hori bai, Aguirrek ez du ahaztu gasteiztarren aurkako derbiaren garrantzia: «Ez da partida erraza izango, ez eurentzat eta ez guretzat. Eurek jaitsiera postuak saihestu nahi dituzte, eta guk aukera historikoa dugu aurrean, baliatu gabe utzi ezin duguna. Ezin dugu gehiago huts egin», esan zuen mexikarrak asteko azken entrenamendua bukatu ondoren.

Baloirik ez dutenean bere jokalariek dituzten arazoak agerian geratu ziren Getaferen aurkako partidan, eta Mendizorrotzan baloiaren jabe egin nahi duela ziurtatu du Aguirrek: «Baloia ondo erabiltzea beharrezkoa da, gure oinetan izan behar du. Ezin dut imajinatu ekimena Alavesen eskuetan uztea».Ligako azken jardunaldiarekin alderatuz gero, Aguirrek aldaketa bat baino gehiago egingo du hamaikakoan: atzealdean Miguel Flañok Josetxoren tokia hartuko du erdiko moduan, eta zelaiaren erdian Ludovic Delportek hartuko du ezker hegala Moharen kaltetan. Bi aldaketa horiez gain, ordea, beste hiru ere egin ditzake, atean Elia eta Ricardoren arteko zalantza izateaz gain, zelai erdian Iñaki Muñoz ala Raul Garcia jarri eta aurrealdean Webo ala Romeo aukeratu ere aztertzen ari baita Javier Aguirre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.