FUTBOLA. OSASUNA. LUDOVIC DELPORTE. OSASUNAKO ERDILARIA. «Emazteari eta alaba jaio berriari eskaini nahi diet garaipena»
Ludovic Delporte ez zen izan osteguneko entrenamenduan. Ospitalean zen emaztearen ondoan: 25 urteko erdilaria aita izan berri da.
Denboraldiko partida garrantzitsuena al da Racingen aurkakoa?
Garrantzitsuena ez dakit, baina garrantzitsua bai. Bederatzi partida geratzen zaizkigu, eta lehendabiziko finala Racingen aurkakoa da.
Baina atzean hiru talde soilik izan ala lau izan, ez da gauza bera, eta jaitsiera hamar puntura ala laura izatea ere, ez.
Egia da Racingi irabaziz gero sailkapenean aurre hartuko diegula, eta jaitsiera postuetan direnek kale egiten badute, Albacete eta Mallorca, hamar puntura izango genituzke. Baina berriro diot, 40ren bat puntu izan arte ezin gara lasaitu, badaezpada.
Zu zer moduz zaude?
Ondo, oso ondo, orain gainera alaba izan dut eta pozik nago; horrek ere laguntzen du. Fisikoki ere ondo nago.Garaipena lortu nahi dut; Gabon ostean zazpigarren postuan ginen, eta orain behean sartuta gaude. Halere, emaitza on batek konfiantza emango digu.
Gola sartzen baduzu nori eskainiko diozun argi dago, ezta?
Alabatxoari eta emazteari.
Ospakizun xelebre horietakoren bat pentsatuko zenuen honezkero.
Ez, ez, garaipena lortzea da garrantzitsuena. Ezertarako balio ez duen gol bat sartuz gero, ez nuke ospatuko. Garaipenaren gola egitea nahi dut, eta hori bai, ospatuko dut. Aspaldiko partez, osasunazaleak Sadarretik etxera pozik aldegitea nahi dut.
Anoetan zenbait zalek izan zuten jarrerarekin beldurtu al zinen?
Aldageletan nengoen, eta telefonoz aritu nintzen nire emaztearekin; ez dakit zehatz-mehatz zer gertatu zen, baina Racingen aurka Sadarren giro ona eta zaleen babesa izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu