Real Madrilen aurkako lehian gola sartu zuen, baina mina ere hartu zuen ezker zangoko peronean. Harrezkero ez du partidarik jokatu Webok, baina gaur liderraren kontra joka dezake.
Gainditu al dituzu arazo fisikoak?
Bai, bestela ez nintzen deialdian egongo. Minik ez dut nabaritu azken egunetan eta jokatzeko irrikaz nago.
Hasieratik jokatzeko moduan?
Beno, ni gauza horietan ez naiz sartzen, entrenatzaileak hartu behar du erabakia. Ondo nagoela uste dut, baina Aguirrek erabaki beharko du.
Talde handien aurka mailarik onena eman ohi duzue. Bartzelona une aproposean al dator?
Bartzelona ere puntuak lortzeko premiarekin iritsiko da Sadarrera, eta ez da partida samurra izango. Halere, gure zaleekin dugun zorra kitatzen ahalegindu behar dugu.
Zein izan daiteke gakoa?
Kontzentrazioa, segundo bakar batez arreta ez galtzea.
Aldagelan nolako giroa duzue?
Albaceten puntu bat lortu genuen, eta etxetik at puntuak batzeak lagundu egiten du. Animo aldetik arazorik ez dugula uste dut, eta Bartzelonaren aurka jokatzea beti da gustagarria. Ez dugu arazorik izango. Ea behingoz garaipen bat lortzen dugun.
Asteartean Txapeldunen Ligako lehia erabakigarria izanik, Bartzelonak ezin du arreta guztia Sadarren jarri.
Ea Bartzelona arreta galduta ikusten dugun, baina talde handia da, eta gauza hauek ez dute jokalariengan eraginik izango. Partida gogorra izango da.
Berdinketa ere ez da txarra, ala?
Garaipena askoz hobea izango da.
FUTBOLA. OSASUNA. PIERRE WEBO. «Zaleekin dugun zorra kitatzen ahaleginduko gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu