FUTBOLA. REALA. Aurrekontua onartu eta kapital gehitzea iragarri du Realak

Tentsioz eta eztabaidaz betetako akziodunen batzarra izan zen atzokoa

Erredakzioa
2004ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Realeko Administrazio Kontseiluak, Jose Luis Astiazaran presidente duenak, inoiz izan duen akziodunen batzarrik gogorrena izan zuen atzo Zubietan. Realeko zaleek desadostasuna agertu eta euren kritikak eta hausnarketak plazaratzeko aukera izan zuten, eta izan ziren tentsioz betetako uneak. Administrazio Kontseiluak harrobiari buruz duen politika, kirol kudeaketa eta alor ekonomikoa oso kritikatuak izan ziren, eta sektore batek batzar hura ez zela legezkoa eta kontseiluak dimititu egin behar duela ere proposatu zuen. Bost ordu eta 45 minutu iraun zuen batzarrak, eta emaitza nagusia zera: Realak denboraldi honetan izango duen aurrekontua onartu egin zela (41 milioi euro) eta Administrazio Kontseiluak ezohiko batzar batera deituko duela Realaren kapitala gehitzeko.

Inoizko batzarrik jendetsuena izan zen atzoko hori (500 lagunetik gora). Kapital osoaren %27 ordezkatu zuten han agertutakoek, baina Administrazio Kontseiluak berak 13.118 akzio dituenez, eta orotara 18.000 ordezkatzen zituenez, haien aldekoak izan ziren bozketa guztiak. «Gustura gaude emaitzarekin, bozketa guztiak onartu egin direlako. Oso batzar interesgarria izan da, eztabaida egon delako, eta Reala indartuta irtengo da batzar honetatik», adierazi zuen Astiazaranek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.