zken bi denboraldietako fitxaketarik garestiena, Lee Chun Soo korearra, ez da gaur Anoetan egongo. Partida asko daramatza jokatu gabe. Maximo Fernandez entrenatzaileak ez du ia aintzat hartu neguko etenaldiaz geroztik, eta duela hilabete bat lesionatu egin zen haragi etena izan zuen. Harrezkero, minutu bat ere ez du jokatu. Bazirudien Realaren kontrako partida iristerako jokatzeko moduan egongo zela, baina gripea harrapatu du eta Sorian geratu da.
Goitik beherako ibilbidea egin du Leek Numancian. Ilusioz gainezka iritsi zen; Realean apenas izan zuen aukerarik, eta izan zuenean ere ez zuen gauza handirik erakutsi. Soriako taldean protagonismo handiagoa izango zuela agindu zioten. Ligako lehen partidetan titularra izan zen, eta golik lortu ez bazuen ere, txukun aritu zen. Nolanahi ere, pixkanaka behera egin zuen, arazoak izan zituen lesioekin, eta zailtasunekin batera tristurak eta herriminak hartu zuten. Sorian ez da egokitu, eta Hego Koreara itzultzeko irrikan omen dago. Espainiako Ligan porrot egin badu ere, izarra da han oraindik, eta talde askok poz-pozik hartuko lukete. Duela bizpahiru aste bertako bi bitartekari Donostian izan ziren Realari jokalariaren egoeraz galdetzeko. Klubak jakinarazi du ez duela inongo eskaintzarik jaso, jokalaria uztailaren 1ean Donostiara itzuliko dela, eta taldearekin batera egingo duela denboraldi aurrea. Gogoratu behar da uztailaren 15etik aurrera Peace Cup izeneko txapelketa jokatuko duela bertan, besteak beste, PSV, Tottenham eta Lyongo Olympiquekin. Gastu guztiak ordainduko dizkiote, 450.000 dolar irabaziko ditu parte hartzeagatik, eta beste bi milioi finala irabazten badu.
Leeren ospeak erakarrita egin zioten antolatzaileek eskaintza Realari, eta, Donostiako egunkari batek plazaratutakoaren arabera, klubak isuna ordaindu beharko luke jokalaria taldean egongo ez balitz. Lee saltzeko eskaintzarik ez duen bitartean, horren inguruko balorazioak egitea alferrikakoa dela dio Realak. Halere, ez du aipatutako informazioa gezurtatu. Egoera horretan, logikoena, eskaintzarik balego, jokalaria txapelketa bukatu ondoren saltzea litzateke. Leeren aroa amaitu dela dirudi.
FUTBOLA. REALA. Leeren etorkizuna, zalantzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu