Ez zuen Lyongo Olympiquek atzo Txapeldunen Ligako finalerdietara lehen aldiz sailkatzeko egin beharrekoa egin. Ez zuen gaizki jokatu, baina Milanen aurka jokatzeko hobe zuen lotsa aldagelan utzi. Talde otzana izan zen, eta partida hutsean amaitu zenez, litekeena da lyondarrek atzo galdu zuten aukeraz damutzea, itzuliko partida buruan. Juninhok ez zuen jokatzerik izan, eta iparra falta zutenez frantziarrak zelai erdian galduta aritu ziren.
Olympiquek atzo ez zuten asko arriskatu, eta hasi eta berehala defentsan sufritzea egokitu zitzaion. Erritmo askoko partida izan zen, hutsean amaitu zen arren. Milanek bere nagusitasuna berehala erakutsi zuen, eta Olympiquek Cris eta Cacapa atzelarien lanaz fidatu besterik ez zuen izan. Bikain erantzun zuten biek ere.Sheptxenkok aukera onak izan zituen gola sartzeko, baina aipatutako bi atzelariek baloia pasatzen utzi zuten bakoitzean, Coupet atezainak sendo erantzun zuen. Hiru geldiketa egin zizkion Olympiqueko atezainak Txapeldunen Ligan gol gehien sartu dituen jokalariari. Okerragoa izan zen, ordea, Kaka eta Gilardinoren jarduna. Ez ziren jokoan sartu.Zelaian berehala egonkortu zen Milan, baina hegaletatik jokoa ateratzea falta izan zuen. Olympiquek lehen zati oso behar izan zuen gauza bera egiteko. Lehen zatian Pedrettiren falta jaurtiketa batek ia ezustean harrapatu zuen Dida, baina gainerakoan ez zuen aukera gehiagorik izan.Bigarren zatian hasieratik egin beharrekoa egin zuen Lyonek; oldartu egin zitzaion Milani, eta gehiagotan gerturatu zen Didarengana. Carewek gola sartzeko aukera pare bat izan zituen atzo, baina, egiari zor, bere ordez Fred atera zenean azkarrago aritu zen Olympique. Horrek mugitzeko aukera gehiago sortu zizkion Sheptxenkori, baina ez talde batek eta ez besteak ez zuten golik sartu.
Interrek 2-1 irabazi dio Vila-reali
Vila-realek, atzo irabazterik izan ez zuen arren, baikor ekingo dio itzulikoan etxean jokatuko duen partidari. 2-1 galdu zuen atzo Giuseppe Meazza estadioan Milango beste taldearen aurka, Inter. Emaitza ez da ona, baina izan zitekeen txarrena ere ez. Txapeldunen Ligan Vila-real mendean hartu duen lehen taldea da Inter. Jokoa sortzeko, ordea, arazoak dituztela agerian utzi zuen.
Partidak hasiera eroa izan zuen. Lehen minutuan aurreratu zen markagailuan Herrialde Katalanetako taldea Forlanek sartu zuen golari esker, baina Interrek zazpigarren minutuan berdindu zuen, Adrianoren gol batekin. Veron eta Riquelme Argentinako selekzioko 10 zenbakidun postua bereganatzeko duten borroka berehala jarri zuten agerian. Riquelme hobeto hasi zen, eta horri esker Vila-real nagusi izan zen. Bigarren zatian, ordea, Veron askatu egin zen. 54. minutuan Stankovicek jokaldi ona egin zuen eskuinetik eta Martinsek Interren bigarren gola sartu zuen, 2-1ekoa.
O. Lyon 0
Milan 0
Olympique Lyon: Coupet; Clerc, Cris, Cacapa, Abidal; Tiago, Diarra, Pedretti (Clement, 68. min.); Wiltord, Carew (Fred, 63. min.) eta, Malouda.
Milan: Dida; Costacurta (Maldini, 62. min.), Nesta, Kaladze, Serginho; Gattuso, Pirlo (Vogel, 85. min.), Seedorf; Shevchenko, Kaka eta Gilardino (Inzaghi, 62).
Epailea: Konrad Plautz. Txartel horia Milaneko Costacurtari.
Bestelakoak: 40.000 ikusle Gerland futbol zelaian.
FUTBOLA. TXAPELDUNEN LIGA. Lotsarik gabe jokatzeko beldurrez
Lyongo Olympiquek ohi baino atzerago jokatu du Milanen kontra, eta italiarren esku utzi du orain Txapeldunen Ligako final-laurdena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu