Ona, oso ona izan da Athleticentzat 2004. urtea. Sei denboraldi zain egon ostean, Europara itzultzea zen Athleticen helburu nagusia urte hasieran. Ernesto Valverdek, etxeko teknikari batek, egia bihurtu zuen ametsa maiatzaren bukaeran.
Bilbotik oso gertu, Sadarren lortu zuen Athleticek UEFAko txartela. Egin beharrekoak eginda zeudelakoan Ugartetxek agur esan zion presidente karguari, eta Fernando Lamikizek hartu zuen bere lekua. Presidente berriak tituluak agindu zituen hauteskunde kanpainan. Esandakoa betetzeko asmoz UEFA eta Espainiako Kopa ipini zituen jomugan. Maiatzaren 18an Lisboan jokatuko den UEFAko finala eta ekainaren 11n Madrilen jokatu beharreko Espainiako Kopakoa buruan dituela gogorarazi ditu San Mameseko besaulkian lehen aldiz eseri zen egunetik. Lehiaketa bakarrean neurria emateko zailtasunak zituen talde bati hiru lehiaketatan aurrera egiteko eskatu zion Lamikizek.Zailtasunak zailtasun, orain arte bikain erantzun dio taldeak erronkari. Kanpoan jokatu beharreko bi neurketak irabazi ditu Kopan, eta UEFAn final-hamaseirenetarako txartela eskuratu du. Kopa bietan egindako ahaleginak Ligan eragina izan du, ordea. San Mamesen erakutsitako sendotasunak salbatu du infernutik eta Zaragozan lortutako garaipenak egoera lasaian utzi du taldea.Hala ere, Athleticek ez du ontzat ematen orain arte lortutakoa. Arrazoi batzuk edo beste tarteko, hiru puntuek berebiziko garrantzia izaten dute, eta Mallorcaren aurka jokoan daudenak ere ez dute aurrekoek baino gutxiago balio. Etxetik kanpo sasoiko lehen garaipena eskuratu ostean, Europara bidean ipini gura du Athleticek.Hector Cuperren taldea mendean hartuz gero 24 punturekin amaituko du urtea talde zuri-gorriak iaz baino puntu bakar bat gutxiagorekin, eta lehen itzulia amaitu aurretik Valverdek gura zituen 27 puntuak eskura izango ditu Numancia eta Espanyolen aurkako partidak geratuko zaizkio jokatzeko. Liga hasieratik izandako estuasunak aintzat hartuta, ukaezina da uste baino erosoago amaituko lukeela urtea taldeak.Egoera ona izateko irabazi beharra dago. Eta irabazteko Cuperrek zelairatuko duen armiarma sarea gainditu beharko du talde zuri-gorriak. «Defentsan indartsuak eta taktikoki oso onak dira Cuperrek zuzentzen dituen taldeak. Are gehiago egoera gaitzean daudenean», azpimarratu du Valverdek.Valverderen esanak aintzat hartuz gero, sekulako lanak izango ditu Athleticek gaur irabazteko. Izan ere, jaitsierako postuetan dago Mallorca. Baltasar Eto'ok taldea utzi zuenetik ikatza besterik ez dute jasotzen Son Moixeko zaleek. Kanpoan etxean baino erosoagoa jokatzen omen du Mallorcak. Puntu gehiago irabazi ditu behintzat etxean lortutako puntu kopurua hobetzeak ez dauka aparteko meriturik, Son Moixen bost bakarrik irabazi baititu.Cuperren jokalariek beste hiru lortu gurako dituzte eta ikusi egin beharko da nola egiten dion aurre neurketari Valverdek. Azken partida bietan joko sistema eta jokalarien kokapena aldatu ditu teknikariak, eta emaitzak oso onak izan dira. Kontraerasoan jokatzeko aproposa den taldea erabili du, baina etxeko partidetan aukera gutxiago izango du aurkaria ezustean harrapatzeko. Mallorcak atzean itxarongo dio, eta ez da erraza izango Etxeberria eta Ezquerroren abiadura baliatzea. Gainera, ez da ahaztu behar Athletic sendo aritu dela San Mameseko partidetan. Sendotasun horren erantzule nagusietako bat Urzaiz izan da. Arrazoi taktikoak tarteko, aulkian geratu da azken bi neurketan tuteratarra. Hala ere, ez da ahaztu behar zortzi gol sartu dituela Ligan, eta aurkariaren estrategia jokaldiak defendatzerakoan bera izan dela onena. Beraz, hasiera batean ez dago etxean erabilitako jokatzeko era aldatzeko pisuzko arrazoirik, eta litekeena da erdiko aurrelari handia hamaikakora itzultzea.Urzaizekin batera, Asier del Horno ere taldera itzuli daiteke. Eskuin hankako orkatilan izandako bihurritua tarteko, ezin izan zuen Zaragozan jokatu. Jada osatu da, baina ikusi egin beharko da Valverdek nor aukeratzen duen ezker hegalean jokatzeko, Casasek partida bikaina jokatu baitzuen Romaredan.
FUTBOLA. Urtea biribiltzera
Sei egunean hirugarren garaipena lortu gura du Athleticek; Del Horno deialdira itzuli da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu