Futbolak badaki bidezkoa izaten

Bartzelonak 3-1 irabazi dio Milani, eta Txapeldunen Ligako finalerdietan da, Bayern Munichekin batera

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Futbolak bidezkoa izaten badaki. Asko dira historian aurkariak baino hobeto, eta ausartago, jokatu arren, kanporatuak izan diren taldeak. Bartzelonak arrisku hori zuen atzo, Milanen aurka, baina azkenean jokalariak txalo artean irten ziren Nou Campetik. Milanen harresia baino gehiago izan zen, eta 3-1 irabazi zuen. Hori bai, ez sufritu gabe, italiarren joko fisikoari aurre egitea inoiz ez baita erraza. Txapeldunen Ligako txapelduna bosgarren urtez jarraian egongo da finalerdietan, eta berarekin batera Bayern Munich. Bavierako taldeak 2-0 irabazi zion Olimpyque Marseillari, joaneko 0-2koarekin erdi erabakita zegoen kanporaketa batean.

Bartzelonak merezita irabazi zion Milani. Pep Guardiolaren orkestra gehiago izan zen, eta antzu bilakatu zituen italiarren korrika saioak. Dena den, ikusleak ez ziren lasaitu euren kutunek bi goleko errenta lortu zuten arte, Milanek baloia hartu zuen bakoitzean sortu zuelako arrisku sentipena. Kontua, baina, gutxitan hartu zuela da. Bartzelonak erasoan itsu ekin zion partidari, eta lehen hamar minutuetan bi gol aukera garbi izan zituen. Saria goiz iritsi zitzaion (10. min.), Antoninik Messiri eginiko penalti inozo eta garbian. Argentinarrak bidali zuen sareetara, eskuinetik.

Golak ez zuen Milan aldatu. Gol batekin aski zuen, eta kontra eraso on batean lortu zuen (32. min). Ibrahimovicek area ertzean baloia kontrolatu, Bartzelonako atzelarien arreta bereganatu, eta pase ona eman zion Noceriniri. Erdilaria atzetik sartu zen arean, eta baloia trebe gurutzatuz lortu zuen banakoa. Milanek behar zuen horzkada emana zuen. Hortik aurrerakoak Bartzelonaren lanak ziren. Ikusleen sufrikarioak zazpi minutu iraun zuen, korner batean Nestak Busquetsi eginiko penalti argira arte. Atera aurretik gorputzetik heldu, eta plakaketa egin zion Bartzelonako jokalariari epailearen aurrean. Halako penalti gehienak ez dira adierazten, baina garbia izan zen. Bigarrena ezkerretik sartu zuen Messik.

Bartzelonak lasaitasunaren golaren bila joan zen bigarren zatian, baina gutxiago arriskatuz. Hala ere, lortu zuen, Iniestak Messiren jaurtiketa baten aldaratzea area barruan ondo baliatu zuenean(52. min). Laugarrena sartzeko aukerak izan zituzten etxekoek, baina aski zenez, erasoa kontrolarengatik aldatu zuten. Milanek, bere aldetik, borrokan jarraitu zuen. Txalotzekoa izan zen galtzaileek izandako jarrera.

Municheko partidari dagokionez, emozio gutxiago izan zuen. Joaneko emaitzak partida baldintzatu zuen, eta Olicek ordu laurden aski izan zuen lehen gola sartu eta Olympiquen itxaropenak zapuzteko (13. min). Bigarrena ere aurrelari kroaziarrak sartu zuen (37. min), kontra eraso zehatz bat bukatuz. Historia gutxiko partida izan zen, Bayernek bigarren zatia goitik behera kontrolatu zuelako. Finala Munichen jokatuko da, eta begiz jota du. Dena den, finalerdietan izango du benetako oztopo gogorra, Marseilla final-laurdenetara iritsitako talde ahulenetako bat zelako.

Etxekoek, eskura

Final-laurdenetako azken bi partidak gaur jokatuko dira. Chelseak Benfica hartuko du Stanford Bridgen (20:45, Gol TV), eta joaneko partidako 0-1ekoa on egiten saiatuko da. Abantaila polita da, are gehiago kontraerasoan eroso jokatzen duen talde batentzat. Denboraldi kaskarra egin arren, bolada oso onean murgilduta dago Vilas-Boas entrenatzailea kargutik kendu zutenetik. Benficak, halere, badu ezusteko emateko moduko maila. Madrilen, berriz, Apoel Nicosiak miraria baino zerbait gehiago beharko du Real Madril kanporatzeko (20:45, ETB1). Espainiarrek 0-3 irabazi zuten Zipreko hiriburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.