Futbola

Futboleko greba deialdia bertan behera utzi du Auzitegi Nazionalak

Ez du bidezkotzat jo Espainiako Futbol Federazioak eta Futbolarien Elkarteak larunbatetik ostegunera eginiko greba deialdia. 

Espainiako Futbol Liga Profesionaleko eta Espainiako Futbolarien Elkarteko ordezkariak, atzo, Auzitegi Nazionalean azalpenak ematen. EMILIO NARANJO / EFE
Julen Etxeberria.
2015eko maiatzaren 15a
09:14
Entzun

Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du futbolean deitutako greba. Espainiako Futbolarien Elkarteko (AFE) eta Espainiako Futbol Liga Profesionaleko (LFP) ordezkariek azalpenak eman zituzten atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Hirugarren Aretoan, eta gaur ebatzi du auzitegiak.

LFPk 5.000 euroko bermea jarri ostean, asteburuan liga izanen da.

Futbol klub profesionalen telebista eskubideak elkarrekin saltzeko Espainiako Gobernuak onartutako Errege Dekretu Legea dago auziaren atzean.

ZERTAN DATZA TELEBISTA ESKUBIDEEN DEKRETUA?

Joan den maiatzaren 2an jarri zen indarrean futbol klub profesionalen telebista eskubideak elkarrekin saltzeko Errege Dekretu Legea. Horren arabera, Espainiako Lehen eta Bigarren Mailako klubek elkarrekin merkaturatu ahal izango dituzte beren telebista eskubideak, eta ez, orain arte egin bezala, klub bakoitza bere kasa. Horretarako, lehiaketa profesional batean lehiatu nahi duen klub orok bere telebista eskubideak utzi beharko dizkio lehiaketa antolatzen duen erakundeari: Lehen eta Bigarren Mailan, LFPri, eta Espainiako Kopan, Espainiako Futbol Federazioari. Horri esker, diru gehiago jasotzea espero dute klubek, 1.000 milioi euro inguru denboraldiko, orain baino 250 milioi euro gehiago, hau da, %25 gehiago.

ZER DU BERRIRIK DEKRETUAK?

Diruaren banaketan dago koska. Dekretuaren arabera, diru sarreren %92 Lehen eta Bigarren Mailako klubentzat izango da, %3,5 maila galtzen duten taldeentzat, %2 Espainiako Federazioarentzat, %1 LFPrentzat, %1 Espainiako Kirol Kontseilu Gorenarentzat eta %0,5 Bigarren B Maila, emakumezkoen futbola eta AFErentzat.

Banaketa, ordea, harago doa. Hala, Lehen eta Bigarren Mailako klubek jasoko duten diruaren %90 maila nagusikoentzat izango da, eta beste %10 maila bat beheragokoentzat. Banaketa horren barruan beste banaketa bat egingo da. Hala, Lehen Mailakoek jasoko duten diruaren erdia hogei zati berdinetan banatuko da, beste %25 azken bost sasoietan lortuko emaitzen arabera banatuko da, eta beste %25 gizartean duten eraginaren arabera "saldutako sarrera kopurua eta CISen inkestetan jasotako babesa hartuko dira kontuan". Asmoa da gehien jasotzen duen klubak ez dezala irabazi gutxien jasotzen duenak baino bost aldiz gehiago "zazpi aldiz gehiago irabazten du egun". Dekretuak, halaber, zehazten du hurrengo sei denboraldietan klubek ez dutela jasoko orain baino diru gutxiago.

ZERGATIK DEITU DUTE GREBARA AFE-K ETA FEDERAZIOAK?

Iritzi bera dute Futbolarien Elkarteak eta Espainiako Federazioak: ez dituztela kontuan hartu Errege Lege Dekretu hau egiterakoan. Ez daude ados diru kontuetan ere. Futbolarien Elkartea ez dago ados Lehen eta Bigarren Mailako kluben artean egin den banaketarekin. Uste du bi mailen arteko «aldeak handituko» dituela. Ez dago ados elkarteak berak jasoko duen diruarekin ere. «%0,5 oso gutxi da, are gehiago Bigarren B Maila, emakumezkoen futbola eta AFErentzat bideratu behar bada». Ez dituzte aipatu, baina jokalariek ez dute gustuko ere ogasunak eskua sartzea euren irudi eskubideen merkaturatzean eta ordezkarien jasotzen dituzten sarietan. Federazioak diru gehiago jaso nahi du ere, kinielen bidez jasotzen zuena berreskuratu eta ogasunak ez dezala horrenbeste estutu.

Horrez gain, ezaguna da Angel Maria Villar Federazioko presidentearen eta LFPko buruaren arteko ezinikusia "Tebasek hainbat salaketa jarri zituen Villarren aurka, ustelkeria leporatuta". Baina Tebasekin bakarrik ez, Miguel Cardenal Espainiako Kirol idazkariarekin ere tirabira dezente izan ditu Villarrek azkenaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.