Karakorum mendikatetik iritsi da notizia: Simone Morok, Denis Urubkok eta Cory Richardsek Gasherbrum II mendia (8.035) igo dute, neguan lehenengo aldiz; hots, Karakorumen neguan igo den lehenengo zortzimilakoa da. Altuera hori gainditzen duten hamalau mendietatik bost daude mendikate hartan —India eta Nepal arteko bederatziak igo dira—, eta atzo arte igotzeke zeuden bostak: K2, Broad Peak, G-I eta G-II eta Nanga Parbat. Zerrendatik Gasherbrum bikietan txikiena kendu behar da. Beste mugarri bat jarri dute haien ibilbideetan Morok eta Urubkok, Richardsekin, oraingoan.
«Gogorra izan da, baina onik eta gustura gaude hirurok, tontorrean». Hitz horiekin eman zuen berria Simone Morok, tontorretik bertatik, telefono bidez. Gailurrerako bidea 03:00etan hasi zuten mendizaleek, 7.100 metrora jarritako hirugarren kanpalekutik. Egunsentiarekin batera irten nahi zuten, 07:00 aldera, baina atzo eguerdirako eguraldiak okerrera egingo zuela zioen iragarpenak, eta irteera ordua aurreratzea erabaki zuten. Igoeraren zati bat gauez egin zuten, beraz. Gailurrera 11:30ean iritsi ziren mendizaleak, etabeherako bidean hirugarren kanpalekuan pasatu dute gaua. Ongi bidean, gaur jaitsiko dira beheko kanpalekura.
Alex Txikonen lekukotza
Beheko kanpalekutik, hiru alpinisten ibilia bertatik bertara jarraitu zuen Alex Txikon lemoaztarrak —G-I igotzen saiatuko da—, eta mendizaleek izandako baldintza muturrekoen berri eman zuen handik: «Beheko kanpalekuan zeropetik 23 gradu ditugu, eta haize pixka bat dabil. Zortzi mila metrora 50 gradura ere iritsiko zen tenperatura. Hemen denok oso pozik gaude albistearekin. Simonek merezi zuen halakorik».
Mororentzat neguan igo duen hirugarren zortzimilakoa da G-II. Shisha Pangma 2005ean igo zuen, Piotr Morawski poloniarrarekin, eta Makalu 2009an, Denis Urubkorekin. Kazakhstandarrak bigarrena du G-II, eta Cory Richardsek neguan igotako lehenengo zortzimilakoa.
G-II mendia neguan igo dute Morok, Urubkok eta Richardsek
Goizaldean iritsi dira tontorrera, muturreko baldintzetan; ongi bidean, gaur jaitsiko dira beheko kanpalekura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu