Gaizki hasi da

Bost pilotarik kale egin dute banakakoaren aurkezpen ekitaldian; Gonzalezek eta Xalak auto istripua izan dute

Imanol Magro Eizmendi.
2007ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gaizki hasten dena zuzentzea ez da erraza izaten. Kimua oker hazten bada, normalean zaila izaten da zuhaitz tentea lortzea. Espero dezagun Enpresen Ligako lorazainek buruz buruko txapelketako zuhaitza bide onetik eramaten asmatzea, hasiera behintzat okerra izan baitu. Atzo egin zuten aurkezpena, Bizkaiko aurrezki kutxak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzan, eta bost pilotarik ez zuten han egoterik izan. Hogeitik bostek kale egin zuten, eta bostak Aspekoak. Euren artean, Martinez Irujo iazko txapelduna.

Antolatzaile eta babesleen kalterako, Iberokoak elastiko gorririk gabe utzi zuen argazki ofiziala, eta txapeldunaren hitzik gabe kazetariak. Aurkezpenean txapelduna izaten da izarra, eta haren hutsunearekin Aimar Olaizolarengan jarri zuten kamerek arreta. Irujo ondoezik zen atzo. Bilborako bidea hartua zuen, baina, gastroenteritisak jota, Iruñera itzuli behar izan zuen. Berarekin Eugi zen joatekoa, baina, kideak buelta eman behar izan zuenez, Agoizkoa ere ez zen aurkezpenera iritsi.

Pedro Martinez Eulate ere ez agertu. Medikuarenera joan beharra zeukan, eta ezinezkoa izan zitzaion agertzea. Hutsune horiek ez zieten inolako graziarik egin Aspeko arduradunei. Binakako txapelketako ospakizunen irudiak ez dira urrun, eta keinu itsusia da babesleekiko. Arrazoirik falta ez bazitzaien ere, beste kirol batzuetan zail egiten da txapeldunik gabeko aurkezpenik irudikatzea.

Xalak eta Gonzalezek ere ez zuten agertzerik izan, auto istripu larria izan baitzuten autobidean. Bi lapurtarrak batera zihoazen Bilborantz. Elgoibarren, baina, aurreratzen ari ziren autoa bidetik irten zen, eta alboan jo zituen. Gonzalezek gidatzen zuen autoak kolpe handia jaso omen zuen, eta kalte handiak izan zituen. Pilotariak, zorionez, onik irten ziren. Hori bai, susto galanta hartuta. Xalak ez zuen nahi bezala estreinatzerik izan irabazi berri duen txapela.



ADAR EZBERDINAK. Azken ekitaldietan bezala txapelketaren diseinua zozketa bidez erabaki zen. Joxe Arriaran, Luziano Juaristi eta Jesus Garcia Ariño txapeldun ohiak izan ziren zozketa gertutik zaindu, eta norgehiagokak erabaki zituzten bolatxoak ateratzeko arduradunak. Partida guztietan bezala txapeldunen eskuetatik denetarik irten zen, eta lau adar oso desberdin osatu zituzten.

Adar bakoitzak zerrendaburu bat izango du. Zerrendaburuok iazko txapelketako ordenaren arabera banatu dituzte. Ondorioz, Irujo iazko txapeldunaren adarra, Beloki laugarren sailkatuaren adarrarekin gurutzatuko da final- erdietan. Koadroko beste aldean Olaizola eta Gonzalezen, txapeldunordearen eta hirugarren sailkatuaren, adarrak gurutzatuko dira. Aurten ere hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko lehia antolatu dute, beraz badirudi hurrengo urterako sistemari eutsiko diotela.

Zerrendaburuen banaketa jakina bazen ere, zozketak zeresanik eman zuen, txapeldun ohiek tankera guztietako kanporaketak osatu baitzituzten. A adarra, Irujorena, da gogorrena. Barriolak behetik ekingo dio lehiari eta multzo horretan jokatuko du. Lehen partidan Galarza V.a izango du aurkari, martxoaren 5ean Zarautzen.Lehen partidako irabazleak Xala topatuko du bidean. Aurrerago Kepa Peñagarikano dago. Beizamakoak txapelketa taxuz prestatzeko beta izango du, eta ez daaurkari samurra izango txapeldunarekin lehiatu nahi duenarentzat. Lehen multzo horrek Aspeko buruak larritu zituen, euren koadroko pilotari indartsuenetariko hiru adar berean parekatuta ikusi zituztelako.

Bigarren adarrean txapeldun ohiek beteranoak batu zituzten. Bigarrena eskola zaharreko pilotarien multzoa izango da, hiru aurrelariek joko estilo klasikoa egiten baitute. Aurreneko partidan Pascualek eta Agirrek duela bi urteko kanporaketa errepikatuko dute. Orduan Lizarrakoak irabazi zuen (22-21). Irabazleak Asier Olaizola izango du aurkari, eta gero Patxi Eugi iritsiko da. Multzo burua, aldiz, Ruben Beloki izango da.

Bigarrena beteranoena bazen, hirugarren adarra hasi berri eta gazteena da. Aurreneko partidan Eulatek Laskurainen aurka jokatuko du, segur aski Bergaran, martxoaren 7an. Binakako txapeldunak bigarren aldia du manomanistan, eta Soraluzek aurrenekoa. Irabazleak Bengoetxea VI.a izango du aurkari, parte hartzaile gazteena (22 urte). Final-laurdenetan Iñigo Leizak itxarongo die. Bere bigarren parte-hartzean iazko balentria hobetu nahiko du. Multzo burua Sebastian Gonzalez da.

Lehen adarrak Aspeko buruei grazia handirik egin ez bazien, laugarrena izango da Asegarceren buru haustea. Ezusterik ezean Aimar Olaizola zerrendaburuak Patxi Ruiz izango baitu aurkari final-laurdenetan. Enpresako bi izarretako bat ez da finalerdietara iritsiko. Aurretik Berasaluze IX.ak eta Kokak ekingo diote multzoari. Altzakoak beti jartzen die gatz puntua aurkezpenei, eta atzo ere egin zuen bere iruzkina. Eserlekuan buelta eman, Berasaluzeri begira jarri, eta adarra jo zion gazteari. «Badakizu Lehen Mailan, buruz buru, lau t'erditik sakatzen dela, ezta?». Beste kideek barre egin zuten. Aurrelarien arteko partidako irabazleak Zearraren aurka jokatuko du.



ZARAUZTIK, ATANORA. Txapelketak azken aldietako diseinu bera izango du. Martxoaren 6an hasiko da, eta ekainaren 10era arte luzatuko. Esan bezala Zarautzen jokatuko da aurreneko partida, eta finalerako pilotalekua zehazteke dago. Patxi Mutiloak, Aspeko gerenteak, esan zuenez Donostiako Udalarekin negoziaketetan ari dira, baina oraindik ez dute akordiorik lortu. Bestalde, Asegarcek ez zituen zehaztu non jokatuko diren bere aurreneko partidak. Litekeena da Agirre eta Pascualen artekoa Bizkaian jokatzea, Zornotzan.



«Finalerako Donostiako Udalarekin hitz egiten ari gara, baina oraindikez dugu akordiorik lortu»

PATXI MUTILOA
ASPEKO GERENteA




xehetasunak

Parte-hartzaileak

Buruz buruko sei txapeldun. Buruz buruko txapela irabazitako sei pilotarik hartuko dute parte: Irujok, Olaizola II.ak, Ruizek, Barriolak, Belokik eta Eugik.

Bi berri. Berasaluze IX.ak eta Laskurainek aurreneko aldiz jokatuko dute buruz burukoa. Iazkoarekin alderatuta, Urberuaga, Goñi eta Lasa falta dira.

Pascualen itzulera. Iaz, min hartuta, ez zuen jokatzerik izan. Behetik ekingo dio txapelketari.



Egutegia

Hasiera. Martxoaren 5ean hasiko da,Zarautzen, Galarza V.aren eta Barriolaren arteko partidarekin.

Zerrendaburuak. Iazko txapelketaren arabera erabaki dituzte. Txapeldunaren adarra laugarren sailkatuarenarekin gurutzatuko da, eta txapeldunordearena, hirugarren sailkatuarenarekin.



Finala

Erabakitzeke. Ekainaren 10ean jokatuko da, frontoia erabakitzeke dago. EPEL Donostiako Udalarekin hitz egiten ari da.





pilotarien iritziak

«Adar gogorra egokitu zait, baina horrekez nau kikiltzen»



juan martinez irujo
buruz buruko txapelduna
«Adar gogorrena egokitu zait, Barriolak ondo prestatu du txapelketa, Xala sasoiko dago eta Peñagarikanok maila bikaina du. Horrek baina ez nau kikiltzen, eta bete-betean ekingo diot, ea berriz ere txapela irabazterik dudan. Atzo gastroenteritisak jota nengoen, eta lan saioaere bertan behera utzi behar izan nuen».

«Multzo gogorra nahiz samurra izan, hemen denei irabazi behar zaie»



aimar olaizola
BURUZ BURUKO TXAPELDUNORDEA
«Zozketan ez zait multzo samurra egokitu: atzetik Ruiz dut, txapeldun izandakoa, eta beherago Zearra dago. Baina tira, ezin zaio horri begiratu; txapeldun izan nahi duenak denei irabazi behar die. Lesioa sendatu zait, eta binaka txukun jokatzen ari naiz. Buruz buruko entrenamendu gogorrak aurki hasiko ditut».

«Sendatzean buruzburuko bi lan saio eginbeharko ditut astero»



ruben beloki
asegarceko atzelaria
«Binakakoaren bestondo garratza dut oraindik, eta, eskua apur bat minduta dudanez, bi aste egin beharko ditut entrenatu gabe. Zorionez, hilabete dut prestatzeko oraindik. Hori bai, sendatzean buruz buruko bi entrenamendu egin beharko ditut astero. Nire adarra beteranoena da, eta gogorrenak A eta D dira».

«Aimar? Hori urrunegi dago niretzat; aurretik badut zerekin arduratu»



patxi ruiz
asegarceko atzelaria
«Eskua mindua dut, eta hilabete daramat pilota ukitu gabe. Gaur proba egingo dut, ea piloteatzen hasterik dudan. Aurreneko partidaren aurretik bi entrenamendu onegiten baditut pozik nengoke, baina ezin dut ziurtatu, eskua ez baitago ondo. Aimar? Hori urrunegi dago niretzat; aurretik badut zerekin arduratu».

«Betidanik gustatu zait buruz burukoa; zirrara berezia sortzen dit»



abel barriola
ASPEKO ATZELARIA
«Buruz buruko txapelketa asko gustatzen zait; zirrara berezia, ezinegona... sortzen dit. Lau t'erdian erakutsi nuen berriz ere goian egon naitekeela, eta buruz burukoan lan txukuna egitea lorpen handia litzateke. Nire eskuekin beti egoten dira zalantzak, eta hau txapelketa egokia da ondo daudela erakusteko».





«Iazko maila ez zela kasualitate hutsa izan erakutsi nahiko nuke»



kepa peñagarikano
asegarceko atzelaria
«Multzo gogorra egokitu zait, atzera begiratzeak errespetua ematen du. Baina tira, ezin naiz kikildu, datorrena datorrela pilotari handia egokituko zait, eta nire maila ematen saiatuko naiz. Iaz emaniko maila ez zela kasualitate hutsa izan erakutsi nahiko nuke, eta, zorionez, prestatzen jarraitzeko denbora badaukat».

«Aurkari gogorra egokituko zait, atzelaria nahiago nuelako»



OIER ZEARRA
asegarceko atzelaria
«Nire helburua lehen partida irabaztea izango da. Hortik aurrera Ruiz eta Olaizola daude, eta eurei irabaztearekin pentsatzea ausartegia litzateke. Lehen partida gogorra izango dut, aurkaria bi aurrelariren arteko partidako irabazlea izango delako. Nik atzelaria nahiago nuen, baina, tira, hori ezin da hautatu».

«Iaz erakutsi nuen sakatzen baino zerbait gehiago badakidala»



ASIER BERASALUZE
ASPEKO AURRELARIA
«Kokaren aurka lan txukuna egin nahiko nuke, iaz erakutsi nuen sakatzen baino gehiago badakidala eta ea partida bat irabaz dezakedan. Nahi eta nahi ez beti begiratzen duzu gora txapelketan, eta hurrengo partidan Zearra izango nuke aurkari, oso polita litzateke bizkaitarren arteko partida jokatzea».

«Hemen egotea asko da niretzat; partida bat irabazita, pozik nengoke»



ARITZ LASKURAIN
aspeko atzelaria
«Guztia hau berria da niretzat, argazkiak, aurkezpena, zozketak... Hemen egotea asko da niretzat, eta ilusio handia egiten dit buruz burukoa jokatzeak. Lehen partida Eulateren aurka dut, eta ea lan txukuna egin dezakedan, partida bat irabazita pozik nengoke. Faboritoak txapeldunak dira, eta Xala ere multzoan sartuko nuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.