Gaizki hasi, gaizki amaitu

San Antoniok galdu egin du Granollersen aurka, eta bigarren itzulian punturik lortu gabe jarraitzen du

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Bikain amaitu zuen San Antoniok Asobal ligako lehen itzulia, laugarren postuan, aurreikuspen baikorrenak gaindituta. Neguko etenaldiak, baina, kalte egin dio Iruñeko taldeari. Estatistikak argigarriak dira: bigarren itzulian jokatu dituen hiru partidak galdu ditu, horietatik bi etxean, azkena atzo, Granollersen aurka (27-29). Datu esanguratsua da etxeko partidena, lehen itzulian bi puntuk bakarrik egin baitzuten ihes NUPeko pabiloitik. Bartzelonak, lehen sailkatuak eskuratu zituen, hori bai, ederki sufritu ondoren, eta gol eskas batengatik.

Baina NUPeko pabiloia jada ez da gotorlekua. Zaleek babes handia ematen diote taldeari, baina hori ez da nahikoa partidak irabazteko. Ondo jokatu beharra dago, edo behintzat, gaizki ez jokatu eta hutsegite barkaezinak ez egin. Eta atzo gaizki jokatu zuen San Antoniok, eta hutsegite barkaezinak egin zituen. Lehena, lo ateratzea pistara. Gauza bera egin zuen lehen itzuliko lehen bi partidetan, eta bietan garesti ordaindu zuen, Valladolidek eta Cuencak ederki baliatu baitzuten nafarren loaldia garaipena bideratuta uzteko. Granollers ez zen salbuespena izan, eta beste horrenbeste egin zuen atzo: lehen zatia amaitzeko zazpi minutu falta zirela zazpi gol zen aurretik (7-14). Bisitariak nahierara ari ziren, eta etxekoak ezinean, Ohlanderren atea zulatu ezinik.

Baina zaleen animoek eta Lucauren geldiketek —Ristanovic ordezkatu zuen, serbiarrak ez baitzuen geldiketa bakar bat egin— etxeko taldea suspertu zuten. Kolpe batez utzi zuten ezerezean bisitarien aldea, 7-0eko partzial batekin. Bigarren zati ia osoa falta zen, eta konfiantza handiagoarekin ari zen San Antonio, behetik gora egin ondoren. Hala, konturatu orduko hiru gol zen aurretik (26-23), hamar minuturen faltan. Zailena eginda zegoen. Errazena falta zen, burumakur zegoen aurkariari errematea eman. Eta orduan geratu zen agerian San Antoniok duen gabezia nagusia: eskarmentu falta. Nafarrek bizia eman zioten Granollersi, hutsak bata bestearen jarraian eginez, eta Kataluniako taldeak ezin hobeto aprobetxatu zuen, suspertzeko. Bost gol sartu zituen jarraian eta bi goleko aldea lortu minutu eta erdiren faltan (26-28). Sevaljevicek aldea murriztu zuen, eta hurrengo erasoan Lucauk geldiketa bikaina egin. Hurrengo jokaldian, gainera, epaileek Grundsten kanporatu zuten. Minutu erdi falta zen, eta San Antonio jokalari bat gehiagorekin egingo zuen erasoa. Alferrik. Humetek falta egin zuen, eta kontraerasoan Nikcevicek, San Antonioko jokalari ohiak, partida erabakita utzi zuen.

Gaur, Arrate eta Itxako

Gaur, berriz, Asobal eta ABF ligako norgehiagokak jokatuko dituzte Arratek eta Itxakok. Eibarko taldeak erronka benetan gogorra du, Ciudad Real ahalguztiduna hartuko baitu Ipuruan (20:30). Ustekabeko galanta egon ezean, Ciudad Realek bi puntuak eramango ditu Eibartik, bi taldeen arteko aldea itzela baita. Arrateren zorionerako, gaur galduta ere ziurrenik ez du amaituko jardunaldia jaitsiera postuetan, haren atzetik dagoen lehen taldeak, Toledok, liderra hartuko baitu: Bartzelona.

Oso bestelakoa da Itxakoren egoera. Lizarrako taldea lider da ABF ligan, eta lau puntura du Elda bigarren sailkatua. Gaur, halere, partida zaila izango du, Mar Sagunten pistan ariko baita (18:30). Herrialde Katalanetako taldea hirugarren da, Itxakok baino zazpi puntu gutxiagorekin. Irabazi, lehen postuan sendotu eta igandean Lizarran Txapeldunen Ligan Buducnosten aurka jokatuko duen partidari begira indarrak hartu; horiexek dira Ambros Martinek zuzendutako taldeak gaurko dituen helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.