Gaiztoa, zintzo

LeBron Jamesen eta Kevin Duranten arteko demak erabakiko du NBAko txapelketa; indarra du soberan batek, talentua besteakOklahoma da faboritoa, talde lanean hobea baita; Miamik izarren menpekotasuna du

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Triste omen dago David Stern, NBAko komisionatuak saskibaloi ligaren mozkinetan pentsatzen baitu une oro eta LeBron Jamesen eta Kevin Duranten arteko demarekin Jamesen eta Lakerseko Kobe Bryanten artekoarekin baino sos gutxiago lortuko baititu NBAk eta, noski, Sternek berak. Bryantek berriro NBAko final bat jokatzeko, mirari baten parekoa beharko da, eta aginte makila Kevin Durant etorkizuneko izarrari eman beste erremediorik ez du eduki Sternek. Esateko modua da etorkizunekoa, izar distiratsua baita dagoeneko Durant. LeBron James handiaren itzalpean, oraingoz, aste pare batean baino lehen erabakiko baita benetako erregea nor den: Oklahoma City Thunder eta Durant, edo Miami Heat eta LeBron James. Eraztunaren jabeak lortuko du erregetza.

Baten eta bestearen errendimenduak desorekatuko du balantza urakan eta zirimolen parajera edo Florida eguzkitsura. Durant eta James, James eta Durant, biak dira NBAko jokalari onenak, baina ezberdinak jokoz eta izaeraz, eta fisikoz ere bai. Galdetuz gero, biek nahiko lukete bestearen ezaugarriren bat, baina halakorik egitea ezinezkoa denez, dagoenarekin konformatu behar: askorekin; gaua joan gaua etorri jendea aho bete hortz uzteko gaitasuna dutelako biek.

Zein da hobea, ordea? Norberaren iritziak garrantzi handia du eztabaida honetan. Zenbakietan paretsu daude biak. Kanporaketetan 30 puntu sartu ditu partidako Jamesek. Baita zortzi errebote hartu eta ia sei asistentzia eman ere. Apalxeago aritu da Durant: 27.6, sei alderatze eta lau asistentzia. Jamesek 27 urte ditu, eta Durantek, lau gutxiago. Garrantzitsua da datua, 23 urterekin NBAko finala jokatzea ez delako erraza. Are gutxiago taldeko izarra baldin bazara. Jamesek 26 urte beteta jokatu zuen lehen finala, NBAko onenetakoa lehenagotik izanda ere.

Bata edo bestea hautatu aurretik, jakingarri batzuk. LeBron James dena da indar, gihar, perfekzio fisikoa. Denetarako balio duen jokalari perfektua eraikitzeko aukera balego, James legoke hurbilen. Bost postutan jokatzeko gai da, baloia bikain eramaten duelako. Luzean txiki samarra izanda ere (2,03 metro), pibot handiei aurre egiteko gai da, oso indartsua delako. Munduan ez dago beste jokalaririk pisu horrekin hain azkar mugitzen denik. 114 kilo ditu, baina 90-95 kiloko joko antolatzaile bat bezain azkar mugitzen da, eta jokaldia hasteko ematen duen lehen pausoan geldiezina da. Barneraldietan maisua, trantsizioan egiten du min handiena, aurrean jartzen zaizkion guztiak eramaten dituelako aurrean. Jaurtitzaile ona, eta eskuzabala da libre geratzen diren kideak elikatzen.

Durant hanka-mehea da, argala. Ez da iristen 100 kiloko pisura, luzean 2,06 metro bada ere. Sinesten ere zaila da pisu horrekin 20-30 kilo gehiago pisatzen duten aurkariak gainditzeko duen abilezia. Gakoa haren beso luzeetan dago, eta, jakina, daukan talentuan. Durantek goitizen bitxia dauka: Durantula esaten diote, bere abizena eta armiarma mota baten arteko hitz nahasketa. Beso luzeei esker ematen zituen ziztadengatik jarri zion goitizena kazetari batek. Durant jokatzen ikustea gozamena da. Fisikoki ez da ikusgarria, baina haren jaurtiketa dotorea da. Polita eta elegantea, eta oso azkarra. Durant baloiak erre egiten duenean da eraginkorren. Erantzukizuna inork nahi ez duenean, berak hartzen du, eta gehiagotan asmatzen du, kale egin baino.

Clutch player esaten zaio Duranti, eta hori da Jamesekin daukan abantaila handiena: odol hotza. Izan ere, Jamesek tenplea galtzen du azken jokaldietan, ardura hartu behar duenean, eta dagoeneko bolo-bolo esaten da James ez dela clutch player bat. Jokalari aparta da, NBAko onenetakoa, baina ez du balio azken jokaldietarako. Bere aldekoek argudio bitxia erabiltzen dute, James zuritzeko. Azken jokaldia baino lehen 45 puntu sartu baditu, partida ez da azken jokaldian erabakiko.

Oklahoma faborito

Apustuak parean daude, baina adituek Oklahomaren alde egin dute apur bat, kantxa faktorea alde duelako batez ere. Bi taldeek dute Big Three hiruko handi bikaina. Oklahomaren aldetik, Durant, Westbrook eta Harden. Miamik, James, Wade eta Chris Bosh. Gazte-gazteak dira Oklahomakoak, eta eskarmentu handikoak Miamikoak. Zenbakietan antzeko ekarpena egiten dute bi hirukoteek, baina izenek ez, taldeek ematen eta kentzen dute NBAn. Esan diezaiotela eraztunik lortu barik geratu diren dozenaka izarrei. Alor horretan, nagusi da Oklahoma, saskipean Perkins eta Ibaka dituelako. Thabo Sefolosha eta Collison defentsa lanerako, eta unean-unean, Daequan Cook eta Derek Fisher zaharra, min handia egiteko gai direnak. Balantzaren bestaldean, Miamik gutxi dauka: Chalmersen txinpartak, Battier eta Mike Millerren punteria eta Haslemen kemena.

Oklahomak baliabide gehiago ditu Jamesek Durant ondo zaintzen badu, baina Miamik zereginik ez du Jamesek zenbaki txarrak egiten baditu. Bere izarren menpekotasun handia du Miamik, baina kanporaketa guztietan muga horri buelta ematen asmatu du. Mendebaldeko finalista, ordea, hitz potoloak dira. Oklahomak hilabete pasa darama talde gaiztoen aurka trebatzen, eta pauso bakarrera du orain zerua.

Gaiztoa eta zintzoa. Zintzoa eta gaiztoa. Edo gaiztoa, zintzo. Sona txarra daukalako Jamesek. Sarri egiten die desafioa aurkariei, bere nagusitasun fisikoa baliatuz, eta NBAko izar gorrotatuenetakoa da, titulu lehortea jasan ezinik Miamira joatea erabaki zuelako, izar distiratsuen albora, eraztuna irabazteko. Durantek bizitza osoa du aurretik, baina mutil fina da, zintzoa, etxerako modukoa. Umil askoa da, baina Family Matters telesail ezaguneko Steve Urkel pertsonaiaren betaurreko bitxiek zaleen begiko bilakatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.