Bi hilabete luzez entrenatzen aritu ondoren, Baionak gaur hasiko du berriz Top 14a (18:45). Fitxaketek ikusmin handia piztu dute Baionan, eta lehiatilak itxita egongo dira gaur, 16.933 txartelak salduta daudelako astelehenetik. Partida handiaren zaporea dauka gaurkoak. Hala ere, paradoxikoa izanen da Baionaren eta Top 14ko txapeldunaren arteko partida.
Hasiera batean, partida handia behar luke izan. Okzitaniakoak ez dira aspertzen irabazten, eta 2010ean Heineken Kopa eskuratu eta gero, iragan ekainean Top 14a irabazi zuten. Baionak, berriz, goiko taldeekin lehiatzeko moduko taldea osatu du, izen handiko jokalariak fitxatuz. Baina, xuri-urdin edo gorri-beltzak zulo askorekin iritsi dira ligako lehen partidara. Erruaren zati bat Munduko Koparena da. Baionak Tialata, Rokocoko, Heymans eta Philips eskas izanen ditu. Tolosak, berriz, hamabi jokalari ditu Zeelanda Berrian. Gainera, lesioek ez diote lagundu. Baionak ezingo du zelairatu udako fitxaketarik: Munduko Kopan daudenez gain, Lauaki eta Chisholm min hartuta daude, eta Manukula oraindik ez dago sasoi onean. Tolosak ere buruhauste dezente ditu, Human, Bouilhou edo Caucaunibuca ments baititu.
Gibeleko lerroa, oso indartsua
Egoera argi dago beraz: Baionak iazko blokearekin jokatuko du, eta Tolosak esku artean dituen jokalariekin. Aitzinean daukate egoerarik larriena Okzitania aldean. Munduko Kopan ari diren edo min hartuta daudenen zerrenda beldurgarria da: Servat, Poux, Johnstone, Millo-Chusky, Albacete, Dusautoir, Picamoles, Bouilhou... Zortziko oso bat. Ondorioz, aitzinean esperientzia gutxiko jokalariak zelairatuko ditu: Boukerou eta Galanek lehen partida izango dute Top 14an, eta Montes, Nicolas eta Basualdo ordezkoak ziren aurreko sasoian.Partida irabazteko, beraz, etxeko taldeak argi dauka non egin dezakeen min: aitzinean. Izan ere, gibelean Tolosak goi mailako lerroa du: Poitrenaud, Fritz, David, Donguy... Hala ere, argi ibili beharko du, Tolosak ADNan txertatuta duelako garaipena; gauzak oso zail jarriko dizkio Baionari.
Etxean hasteak ere presio gehigarria emanen dio Baionari. Zelaia gainezka egongo da; itxaropentsu da Lapurdiko hiriburua. Aurreko sasoian ezustean hasi ziren baionarrak, eta orain ezingo dute horrelakorik egin. Barkatzeko aukerarik ez dute izanen, eta oso garrantzitsua izanen da etxean puntuak pilatzea. Gaurtik hasita.
BAIONA-TOLOSA
Baiona. Iginiz, Roumieu, Boyoud; Flavell, Boutaty; Bernad, Haare, Baget (kap.); Gartzia, Boyet; Pietersen, Lacroix, Mazars, Gerber; eta Elhorga.
Tolosa. Hoeft, Basualdo, Montes; Boukerou, Maestri; Nyanga (kap.), Nicolas, Galan; Doussain, Bezy; Donguy, Fritz, David, Matanavou; eta Poitrenaud.
Epailea. Christophe Berdos.
Ordua. 18:45 (Canal + F).
Lekua. Baionako Jean Dauger zelaia (17.000 ikusle).
Gakoa: aitzineko jokoa
Baionak Tolosaren aurka hasiko du gaur sasoia; Okzitaniakoak oso ahulduta heldu dira, aitzinean batez ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu