Miarritze 24. Perpinya 29

Gakoa ezin topatuta

Miarritze ezinean jardun da Perpinyaren aurka, eta ez du jakin izan bederatzi puntuko aldea kudeatzen

Miarritzek eta Perpinyak aurreko denboraldian Agileran jokatutako ligako partida. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Miarritze
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Miarritze. Coetzee (Watremez, 60. min.), Hegi, Marconnet (Buckle, 70. min.); Thion (kap.), Taele (E. Lund, 66. min.); Molcard, Faure (Gray, 46. min.), Lauret; Lesgourgues, Peyrelongue; Caprice (Burotu, 60. min.), Bidabe, Bolakoro, Balshaw (Barraque, 72. min.); eta Haylett-Petty

Perpinya. Schuster (Freshwater, 48. min.), Delonca, Bourrust (Schuster, 77. min.); Olibeau (kap.), Tchale-Watchou; Le Corvec, Chouly, Perez (Guiry, 48. min.); Cazenave (Boulogne, 40. min.), Hume; Sid, Coetzee, Cross, Bayle; eta Porical.

Markagailua. 0-3, 3-3, 3-6, 3-9, 3-12, 6-12, 11-12, 14-12, 21-12 (atsed.); 21-19, 21-22, 21-29 eta 24-29.

Epailea. Jean Luc Rebollal.

Orain arte duda-mudak baldin bazeuden, atzokoaren ondotik gauzak argi daude: Miarritze krisian dago. Bost jardunaldi jokatu ondotik, irabaztea zer den ez daki Agilerako taldeak, eta atzo etxean hirugarrenez garaipenik gabe bukatu zuen partida. Honenbestez, lau punturekin, sailkapeneko azken postuan jarraitzen du. Egoerak zer pentsatua emanen du, eta lan handia dauka Miarritzek egoera iraultzeko.

Sasoi honetan usu gertatu den bezala, Perpinya hasi zen agintzen. Miarritzek faltak bata bestearen atzetik egin zituen, eta Jerome Porical kataluniarren ostikatzaileak asmatu egin zuen; 3-12 ezarri zuen Perpinya aurretik. Baina Perezek txartel horia ikustean, Miarritzek haize pixka bat hartu zuen. Bi entsegu sartu zituen, eta Perpinyaren aitzina harrapatzea lortu zuen. Lehen entsegua aitzinekoen lanaren ondorioz iritsi zen. Bigarrena, Peyrelongueren zulatze baten ondorioz. Jokaldia Bolakorok bukatu zuen, entsegua sartuta. Lehen zatiaren amaieran, Miarritzek bederatzi puntuko aldea lortu zuen: 21-12.

Baina bigarren zatian dena pikutara joan zen. Perpinyak berehala sartu zuen entsegua: Crossek zuloa topatu zuen Thion eta Hegiren artean, baloia Choulyri eman zion, eta azken horrek entsegua sartu zuen; horri esker, Perpinya bi puntu eskasera hurbildu zen: 21-19.

Hortik aitzina Perpinyak hartu zuen partidaren kontrola. Poricalek hiru puntu gehiago lortu zituen ostikada bati esker, eta beste entsegu bat sartu zuen gero Kataluniako taldeak, Bayli esker: 21-29. Miarritzeri markagailuaren gibeletik korrika aritzea beste erremediorik ez zitzaion gelditu. Behin baino gehiagotan entseatu zen eremu txikian aitzinekoekin entsegua sartzen, baina Perpinyak ongi eutsi zion etxekoen ahalegin horri. Azken minutuan defentsako puntu gehigarria salbatu zuen Miarritzek, Barraquen ostikadari esker. Kontsolamendu txikia da hori, dudarik gabe.

Baionak defentsako puntua

Baionak, berriz, meritu handiko puntua lortu zuen Clermonten zelaian (19-13). Baionarrek iragan sasoiko aurpegia erakutsi zuten, eta zailtasunetan utzi zuten Clermont, partida galdu arren. Puntu horrek defentsan erakutsitako elkartasuna saritu zuen. Clermontek, berriz, lidergoa sendotu zuen, eta lehen bost partidak irabazita, sailkapenean agintzen jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.