Galdu arren, Arratek itxura ona eman du Ciudad Realen aurka Ipuruan

Eibarko taldeak azken bi partidetako lana hobetu du, baina ezin izan du aurkari ahaltsuaren erasoko jokoa gelditu

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Okerragoa izan zitekeela pentsatuz irten ziren zaleak atzo Ipuruako kiroldegitik. Arratek Ciudad Real ahaltsuari aurre nola egin zion ikusi berri zuten, eta lehen hogei minutuetan lanak eman zizkiola. Dena den, ez zen nahikoa izan, aurkaria handia zelako, eta Eibarko taldeak galdu egin zuen. Hala ere, galtzeko moduak daude, eta atzoko Arratek zer ikusi gutxi izan zuen iragan jardunaldian Bartzelonaren astindua jaso, edota duela bi aste Alcobendasi estu eta larri irabazizion harekin. Izan ere, Eibarko taldea ondo hasi zen (9-13, 20 min.), baina hortik aurrera iragan sasoiko txapeldunak bere logika inposatu zuen. Dena den, porrota ez da hain larria, Toledo azken aurreko sailkatuak Bartzelonaren aurka galdu zuelako (26-35), eta Arratek jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzen du.

Bestalde, ABF Ligan, Itxakok 26-32 irabazi zuen Sagunten etxean, 17. jardunaldiko aurreraturiko partidan. Sagunt etxean partidarik galdu gabe zegoen atzora arte, eta Lizarrako taldeak gogotik egin behar izan zuen lan bolada hori eteteko. Atsedenaldira errenta txikiarekin joan ondoren (16-17), bigarren zatiko azken bost minutuetara arte ez zuen lasai jokatzerik izan. Garaipenari esker Itxakok lehen postuan jarraitzen du eroso, eta igandean lasai jokatuko ahal izango duBuducnosten aurkako Txapeldunen Ligako etxeko partida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.