Galdutako aukera

Lehen zatiko joko onari ez zion behar adinako etekina atera Realak herenegun, Herculesen aurkako norgehiagokan

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ez da lehen aldia, eta ez da izango azkena. Reala txukun aritu zen Herculesen aurka herenegun. Partida osoa aztertuta, eta batez ere lehen zatiari erreparatuta, gehiago izan zela esan daiteke. Baina, Martin Lasartek adierazi bezala, futbolean ez da puntuetara irabazten, KOz baizik, eta Herculesek zartada handiagoa erakutsi zuen. Bigarren Mailan oso arraroa zen taldeak galtzea ondo jokatzen zuenean. Puntu bat lortzen zuen, gutxienez. Are gehiago, behin baino gehiagotan irabazten zituen partidak aparteko ezer egin gabe, jo handiagoa edukitze hutsagatik. Baina Lehen Mailan oso desberdinak dira gauzak. Aurreko sasoian berak egiten zuena, horixe bera egingo diote behin baino gehiagotan, itxura onak ez duelako ezer ziurtatzen. Kontsolamendu gisa balioko die batzuei, asko jota.

Bitxia bada ere, igo berri batek erakutsi zion Realari Lehen Mailako errealitate gordina. Baina horrek ez du ezer aldatzen, igotzea lortu izan ez balu Herculesek ez lituzkeelako edukiko Drenthe, Trezeguet eta halako jokalariak. Bien zertzelada banari esker lortu zuen Alacanteko taldeak Realak asko landutako emaitzari buelta ematea. Izan ere, lehen zatian Malagan erakutsitako hobekuntzari eutsi zioten txuri-urdinek. Gutxitan aritu izan dira igandean bezain oldarkor presio aurreratuan. Talde lan on horri esker, Hercules ezinean aritu zen baloiarekin, eta Realarenak izan ziren aukera bakarrak. Griezmannek langara bota zuen baloia buruz, eta Ansotegik ere aukera ona izan zuen buruz.

«Porrot ezberdina»

Porrot «ezberdina» izan zela adierazi zuen atzo Carlos Martinezek, etxetik kanpo galdu izan duenean baino itxura hobea eman zuelako Realak haren ustetan. Baina emaitza berberarekin. «Hau Lehen Maila da, eta badakizu lo hartzen baduzu zer gertatuko den. Bost minutuan bi jokalditan bi gol sartu zizkiguten eta horrek min handia egin zigun. Lehen zati osoko lana pikutara joan zen». Amorratuta zegoen Carlos Martinez, «bi golak kenduta ezer gutxi» egin zuelako Herculesek, baina «gauza onekin» gelditu beharra azaldu zuen: «Lehen zatia oso ona izan zen, jokoaren arlo guztietan. Gol bakarra sartzea izan zen okerrena. Hala ere ildo horri eutsi behar diogu, presioa eta intentsitatea direlako gure ezaugarriak».

Markagailua orekatzeko denbora sobera izan zuen Realak, baina lehen zatiko ahalegina nozitu zuen: «Saiatu ginen berriz ere, eta aukeraren bat izan genuen, baina ez zen posible izan». Gakoa bigarren zatiko lehen minutuetan egon zela aitortu zuen. «Galduta» ibili zen taldea, nafarraren esanetan: «Gure asmoa berdin irtetea izan zen, baina ez genuen lortu. Osasuna edo Levanteren aurka ere gertatu zitzaigun. Bi jokalditan aurretik jartzen zaizkizu, eta gauzak askoz ere zailagoa dira hortik aurrera». Taldeari zortea falta izan zitzaiola esan zuen, nolanahi ere: «Lehen golean, Trezeguet jokoz kanpo zegoen. Ez genuen behar adina protesta egin, baina ziurrenik ez zuen ezer aldatuko. Bigarren golean, baloiak Xabi [Prieto] jo zuen, baina, hala ere, oso bide ona zeraman».

Ion Ansotegirentzat, berriz, Realak ez zuen aparteko makalaldirik izan bigarren zatiko lehen minutuetan: «Normala da etxeko taldeak estutzea. Herculesek jokalari onak dauzka eta gai da jokaldi onak egiteko. Haren maila ikusita, gutxi egin zituela uste dut».

Haren iritziz, partidak ezin dira «zatika» aztertu, «azkenean norberak ikusi nahi duena ikusten duelako». Herculesen eta Realaren arteko aldea eraginkortasuna izan zela azpimarratu zuen: «Partidek 90 minutu irauten dute, eta une txarrak eta onak egoten dira. Igandean azken horietatik askoz ere gehiago eduki genituen, baina ez genituen aprobetxatu. Haiei alderantzizkoa gertatu zitzaien. Lehen zatian ez genuen jakin aldea handitzen, eta haiek, nahiko gutxi eginda, sari handia eraman zuten».

Lehen zatian taldea oso eroso sentitu zela aitortu zuen. «Goian egin genuen presioa, baloia askotan kendu genien, eta dena izan zen errazagoa guztiontzat. Haiek ez zekiten presiotik nola atera». Errematerako bi aukera on izan zituen, baina ez zuen hiru zutoinen arteko tartea aurkitu. «Baloi onak iritsi zitzaizkidan eta nahiko bakarrik nengoen, baina ez nuen asmatu. Beste batzuetan edozein gorputz atalarekin nola-hala jo eta barrura doa. Aurrera begiratzea eta errematea lantzen jarraitzea, ez dago besterik». Bigarren zatia hasi aurretik gazte baten ondoezak eragindako geldialdia ez da aitzakia, Ansotegiren esanetan: «Halako faktoreak denontzat dira, argia joaten denean edo zelaia gaizki dagoenean bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.