Athleticen hurrengo geltokia Valladolid da (Espainia). Zuri-gorriek duela hilabete bi hasi zuten sasoia, eta jada 13. partida jokatuko dute gaur. Sasoi hasieran egon arren, horrenbeste partida jokatu izanak ematen du lehen ondorioak ateratzeko aukera. Gainetik egindako azterketaren lehen emaitzak Athletic talde gorabeheratsua dela dio. Aste berean neurketa txukuna eta txarra jokatzeko gai den taldea dela, alegia.
Zuri-gorriei erregulartasuna falta zaie. Kosta egiten zaie maila onari eustea. Ez da konfiantza ematen duen taldea. Eta horrek zalantza sortzen du. Abuztuan jokatu zituen partidetan edozein aurkariren kontra lehiatzeko beharrezkoa den prestaketa fisikoa eta taktikoa falta zitzaiela argudiatu zuten erakutsi zituzten gabezia guztiak justifikatzeko. Baleko arrazoia zen, gainera. Athleticek ia entrenatu barik ekin baitzion lehiatzeari. Baina jada bete da sasoiko bigarren hilabetea. Horregatik, egun aitzakia horrek ez du balio. Orain askoz ere gaitzagoa da Athleticen gorabeherak azaltzea. Ligako lehen hiru jardunaldietan oso maila txukuna erakutsi zuen, baita Europako Ligan ere, Austria Vienaren aurka.
Baikorrak izateko sekula baino arrazoi gehiago zegoenean etorri da beherakada. Azken hiru partidak -Ligako bi eta Europako Ligako beste bat- galdu egin ditu Joaquin Caparrosen taldeak. Porrotak adina min eman du emandako itxurak. Hori baita kezkagarriena. Sevillaren kontra etxean eta Tenerifen eta Werder Bremenen kontra etxetik kanpo galtzea ez da larria, baina ezin du bigarren mailako talde baten itxura eman. Askoz gehiago eskatu behar zaio. Batez ere, erakutsi duena baino askoz joko hobea egiteko gai delako. Emaitzak, oro har, ez dira txarrak, logikaren barruan sartzen dira, baina inork ez du sinesten Athleticen jokoan. Ez du estilorik. Ez dauka jokatzeko era argirik. Partida batetik bestera aldatzen da jokatzeko era. Batzuetan luze, besteetan baloia jokatuta... baina gauzak argi izan barik.
Gauzak argi ez izateak jokalariek zalantzak izatea dakar. Entrenatzailearengandik mezu garbia ez jasotzeak ekartzen duen ondorioa da. Baina ez litzateke justua izango Athleticen miserien zama guztia Caparrosen bizkar gainera botatzea. Jokalariek ere eragin zuzena baitute taldearen gorabeheretan. Askotan banakako akats larriek utzi dute taldea irabazteko aukera barik. Gaztetxoetan egiten diren hutsek kondenatu dute Athletic. Eta horrek ez dauka zerikusirik entrenatzaileren erabakiekin.
Gorabeherak izan arren, sailkapenari begiratuz gero ez dago kezkatzeko arrazoirik. Onenen artean dago Athletic, eta, ondorioz, lasai lan egiteko denbora eta aukera izan beharko luke. Baina azken hiru porrotek eta hurrengo bi asteetan lehiaketarik egongo ez dela jakiteak presiopean jokatzera behartuko du.
Kontrario deserosoa
Jose Zorrilla ez da zelairik aproposena lasaitasuna emango duten puntuen bila joateko. Athleticek lau puntu baino ez ditu eskuratu han jokatutako azken zortzi partidetan. Valladolideko haizeak eta hotzak kalte handia egiten diola esan izan da. Baina hotzak baino gehiago, aurkariak egin dio min. Azken denboraldiotan Jose Luis Mendilibarrek zuzendu du Valladolid, eta jakinekoa da oso talde deserosoa dela Zaldibarkoak zuzentzen duen edozein talde. Atzeko lerroa asko aurreratzen du, eta jokalari asko pilatu zelai erdian. Athletic sarritan geratu da armiarma sarean preso. Valladolid, baina, oraindik entrenatzailearen joko sistemara egokitu barik dago. Hamabi jokalari fitxatu ditu, eta horietatik asko teknikariak gura duena barneratzen ari dira oraindik. Athleticek aprobetxatu beharra dauka.
Okerrik ezean, txandakatzeei eutsiko die Caparrosek. Partida bateko zigorra bete beharko du Amorebietak, eta Ustaritz ariko da haren ordez. Bestalde, Gabilondo ez dago deialdian, eta Susaetak ordezka dezake hasierako hamaikakoan. Halaber, Muniain osatu da, eta zerrendan dago.
Galdutako konfiantzaren bila
Ligan ondo sailkatuta egon arren, azken hiru porrotek emaitza ona eskuratzera behartzen dute Athletic gaur, Valladoliden zelaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu