Realak azken bi jardunaldietan egindakoa ez da huskeria. Hiru partida jarraian galdu ondoren, eta batzuk onena hurrengo urteari begiratzen hastea zela esaten hasiak zirenean, bolada txarra eten eta joera aldatzea lortu du taldeak, sailkapeneko azkenekoari eta liderrari irabazita, hurrenez hurren. Egia da igotzeko postuak zazpi puntura dauzkala eta kotrario asko dauzkala oraindik aurretik, baina bi norgehiagoka horietan aurkari zuzen gehienei aldea jan die, eta liderra bederatzi puntura dauka orain. Sasoiko unerik okerrenean aurreneko aldiz bi garaipen kateatzeak badu meritu.
Hala ere, susperraldi horri eustera derrigortuta dago Reala. Goiko postuetan dauden talde gehienek lau partida edo gehiago jarraian irabazteko gai izan dira. Txuri-urdinek ere beste horrenbeste egin beharko dute, hiru jardunaldiko lehorte hartan galdutakoa berreskuratzeko. Hala, derrigor irabazi behar dute gaur. Etxean jokatuko dute, igo berria den talde baten aurka: Girona. Lan bikaina egiten ari da hori, aurrekontu murritzarekin. Talde sendoa da, ideiak oso garbi dauzka, entrenatzailearen joko eredua guztiz barneratuta dauka, eta eredu hori muturreraino eramaten du.
Sei norgehiagoka baino ez ditu galdu Gironak, Realak adina. Partida gehien berdindu duen taldea da. Azken zazpi jardunaldietan, esaterako, emaitza hori lortu du. Diziplinan eta ofizioan oinarritzen du bere jokoa. Hala, duela zenbait hilabete Realak Huescaren aurka jokatutakoaren antza izan dezake gaurkoak: Castilloren gol zoragarriak baino ez zuen oreka apurtu orduan.
REALA-GIRONA
Reala. Bravo; Gerardo, Ansotegi, Mikel Gonzalez, Castillo; Markel, Aranburu, Sergio; Prieto, Abreu eta Marcos.
Girona. Ponzo; Jose, Serra, Migue, Amantegi; Matamala, Dorca, Manga; R. Martin, Felipe; Igor.
Epailea. Melero Lopez.
Lekua. Anoeta estadioa (32.500 eserleku).
Ordua. 17:00 (Gol TV).
Galdutakoa berreskuratzen jarraitu nahi du Realak gaur, Gironaren aurka
Hirugarren garaipena lortu nahi du talde txuri-urdinak, igoera postuetara gehiago gerturatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu