Iraupena. 52 minutu.
Pilotakadak. 449.
Sakez. Berasaluze VIII.ak alerik ez; Irujok bi, eta falta bat.
Markagailua. 2-0, 2-1, 5-1, 5-2, 6-2, 6-7, 7-7, 7-10, 8-10, 8-15, 10-15, 10-17, 13-17 eta 13-22.
Bestelakoak. Leporaino bete zen Idiazabalgo Igarondo pilotalekua. Partida hasieran dirua Aspekoen alde, 100-60ri. Salvador Bergara egon zen Asegarceko aulkian, eta Jokin Etxaniz Aspekoan.
Kolpe freskoa eta indartsua eduki? Ala gutxiago jo eta sendotasun handiagoa izan? Ziur atzelari batek baino gehiagok galdera horixe egin izan diola bere buruari; eta erantzuten ere ez duela denbora askorik igaro. Besteak duena beti baita norberarena baino hobea. Jakina da: urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Bada, atzo erabat estilo ezberdineko bi bizkartzain aritu ziren lehian Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan. Bata Albisu, gaztea eta boteretsua. Eta bestea Barriola, esperientzia handikoa eta pazientziaduna. Zein estilo den hobea, auskalo. Baina atzo zein nagusitu zen jakiten ez da zaila: Leitzakoarena.
Bata bestearentzat eginak dirudite Berasaluze VIII.ak eta Albisuk. Batak jo, eta besteak errematatu. Enpresak ere jakingo zuen zerbait elkarrekin ipini zituenerako. Ordea, dohain guztien gainetik badute gabezia bat. Eta ez txikia. Pazientzia falta zaie. Egia da atzo bi pilotari handiren kontra galdu zutela. Baina, egiari zor, jokoan ez zen alderik nabaritu. Galdutakoetan, baina, bai. Kale edo bale aritu ziren, eta garesti atera zitzaien. Bien artean hamabi pilota galdu zituzten, eta Irujo eta Barriolaren aurka opariak eginez gero, jai dago. 22-13koa izan zen azken emaitza.
Hasiera elektrikoa egin zuten gorriek. Berasaluze VIII.ak, batez ere. Ehiza ez dago bere ofizioen artean, baina atzo baietz zirudien. Begia non pilota han jartzen baitzuen. Hori da hori tantoa amaitzea. Irujo izango da defentsarik onenetakoa daukan aurrelaria, baina une horretan motorra ere alferrik izango zuen. Aurkariak esnatzerako, 6-2 aurreratu ziren. Apustuak ere berdintzen hasi ziren, baina ez luzerako. Txapelduna beti da txapeldun, eta, noski, bi elkartzen direnean, zer esanik ez. Irujo Irujo da, eta Barriola Barriola. Ez zen normala izango hirugarren partida jarraian galtzea.
Tantoa egin orduko, saskira jo, euren pilota atera, eta erabat nagusitzen hasi ziren. Albisuk pilotakada itzelak jo zituen, baina Barriolak ongi erantzun zien, eta Irujok ederki baliatu zituen aukerak. Gutxika lehia orekatzen hasi ziren. Inspirazio handirik gabe jokatu arren, nahikoa izan zuten sendotasuna (7-7). Tantoak aurrera joan ahala Iberokoa konfiantza hartzen hasi zen, eta ezker airez sartzen. Berasaluze VIII.ak defentsan sufritzen du gehien, eta ez zen oso fin aritu. Tanto erdiak egiterako, aldapa gora zeukaten partida gorriek (8-15).
Berrizkoa saiatu zen aldea murrizten, baina ez zitzaion egunik aproposena egokitu. Gehiegi galdu zuen erasoan. Zazpi pilota guztira. Horiei Albisuk huts egindako bostak batuz gero, hamabi dira. Gehitxo halako bikote baten aurka. Tartean txalo zaparrada ederrak ere entzun zituen Asegarceko aurrelariak. Bereak izan ziren jaialdiko tantorik politenak, baina arriskatzearen arriskatzea larrutik ordaindu zuen.
Beste bikote baten aurka ez zuten garaipena urruti izango Berasaluze VIII.ak eta Albisuk, baina Irujo eta Barriolaren defentsa izugarria da. Freskotasunik gabe daudenean ere, gutxi daukate galtzeko, eta hori abantaila da.
Aspekoak, bost punturekin
Bi bikoteek launa garaipenekin ekin zioten norgehiagokari, eta Aspekoek lortu zuten bosgarrena. Lehen itzulia amaituta, bi partida soilik galdu dituzte. Finalerdietako ligaxkan sartzeko pauso handia eman zuten. Asegarcekoek lau garaipen dituzte poltsikoan. Azken bi asteburuetan kale egin dute , baina atzo bezala jokatzen badute aurrerantzean, ez lukete arazorik izan behar.
Berasaluze-Albisu 13. Irujo-Barriola 22
Galdutakoetan egon da aldea
Berasaluzek eta Albisuk hamabi opari egin dituzte, eta garesti atera zaie; bosgarren puntua lortu dute Aspekoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu