Punta banatan ibiliagatik, oso antzeko garaipenak eskuratu dituzte Tony Gallopinek (Lotto) Paris-Nizako seigarren etapan, eta Wout Poelsek (Sky) Tirreno-Adriatikoko laugarrenean. Ihesaldia gauzatuta irabazi dute etapa biek ala biek, eta liderraren maillotarekin abiatuko dira bihar. Azken etapa izango du Paris-Nizak, 9,6 kilometroko kronoigoera, eta bosgarrena Tirreno-Adriatikoak, Terminilli gogorrean amaituko dena.
Paris-Nizan, ikusgarria izan da etapa. Eromen betean, 31 txirrindulariko taldetxoa sortu da aurrean, Tim Wellems (Lotto) tartean zela —hura zegoen gertuen Michal Kwiatkowski (Etixx) liderrarengandik, 1.25era—. Euripean, saltsa handia sortu dute atzean Etixxeko txirrindulariek, Kwiatkowski bera eta Tony Martin tartean zirela, aurrera jo dutelako, tropel nagusiari aurrea hartuta. Skyk azkar erreakzionatu du, egoera bere onera ekarrita, baina, kilometro gutxi geroago, maldan behera hautsi du lasterketa, berriz ere, liderraren taldeak. Etixxen gurpilari eutsita, aurrera egin du Gallopinek ere. 27,5 kilometro falta zirela bat egin dute Etixxen eta Skyren taldeek, eta orduantxe joan da aurrera Gallopin. Etapa garaipena geroz eta gertuago zeukala, jaitsiera ona egin du Lottoko txirrindulariak, eta beherakoan hankaz gora joan dira Porte lehenengo eta Geraint Thomas taldekidea gero. Tentsio betean, erabat merezita irabazi du etapa Gallopinek, Nizan, Simon Spilak (Katuxa), Jakob Fuglsang (Astana), Rui Costa eta Rafa Vallsen (Lampre) taldetxoari 32 segundo aterata. Minutu batera iritsi da talde nagusia. Sailkapen nagusian, Gallopinengandik 36 segundora dago Porte, eta 37ra Kwiatkowski.
Tirreno-Adriatikoan, berriz, Luke Durbridge eta Mathew Hayman Oricako bikoa ibili da ihesean, zortzi minututik gorako aldearekin. Erabat zorte txarrarekin, hankaz gora joan dira biak San Romualdo mendatean behera. Tropelean ere erorketa dezente izan da, Fabian Cancellara (Trek) eta Alberto Contadorrenak (Tinkoff) tartean; ondorio larriegirik gabeak izan dira, hori bai. Are gehiago, Cancellarak berak mehatu du tropel nagusia Castelraimondoko lehen igoeran. Bigarren igoera izan da, ordea, erabakigarria, faborito nagusiak elkar kontrolatuz zihoazela, azken metroetan erasoa jo duelako Poelsek, eta bakar-bakarrik helmugaratu delako. Sailkapen nagusian, herbeheretarrak hamazazpi segundora dauka Rigoberto Uran (Etixx), eta 26ra Steve Cummings (MTN).