Alex Mumbru

Galoiak pilatzen ari da

Joan den larunbataz geroztik, Alex Mumbru da Bilbo Basketen historian puntu gehien sartu duen jokalaria, eta orain partida gehien jokatu duena izatea du begiz jota. Horretarako, baina, kontratua beste urtebeterako luzatu beharko du.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kapitain karguak, saskibaloian, aspaldi galdu zuen garai bateko garrantzia. ACB ligako taldeetan gero eta urriagoak dira bide luzeak egiten dituzten jokalariak, eta, oro har, multzo heterodoxoak dira. Halere, oraindik ere, badaude salbuespen batzuk. Hiri eta toki berean urteak pilatzeko gai direnak, identifikazioa, hitz mitifikatu hori, lortzeraino. Kasu horietako bat da Alex Mumbru, Miribillako kutuna.

Bost sasoi daramatza Bilbon, eta pistako lanari esker lortu du zaleen onarpena. Bikain jokatu eta ardurak hartu, benetako liderra. Haren itzala, baina, are handiago bilakatu zen iragan sasoian, taldea egoera ekonomiko larrian egon arren alde egin ez zuelako. Bilbon jarraitu nahi zuen, eta 35 urterekin taldeko marka estatistikoak hobetzen ari da. Azkenekoa iragan larunbatean lortu zuen: taldeko saskiratzaile onena da. Puntu bakarra falta zitzaion Marko Banicek sarturiko 2.507 puntuak igarotzeko, eta hasi eta berehala egin zuen, berea izan baitzen GBCren aurkako partidako lehen saskiratzea.

Bilbo Basket ez da talde zaharra. 2000. urtean sortu zen, eta 2004-05eko denboraldiaz geroztik dago ACB ligan. Langa estatistikoak, agian, ez daude beste talde batzuetan bezain altu, baina Mumbru apurka ari da horiek igarotzen. Izan ere, hegalekoa partida gehien jokatu duen bigarren jokalaria da jada: 205. Berrogei falta zaizkio Banic pasatzeko. Puntuena ez da hobetu duen Bilbo Basketen marka historikoa bakarra. Hiruko gehien sartu duen jokalaria da: 299 —%38 sasoi honetan—; baloi gehien lapurtu duena: 225; asistentzia gehien eman dutenetan, bigarrena: 530 —urrun ditu Javi Salgadok emaniko 723ak—, eta errebote gehien hartu dutenen artean, hirugarrena. Arlo horretan Marko Banic eta Fred Weiss ditu aurretik.

Mumbrurengan, dena den, oraina iragana baino harrigarriagoa da, sasoi honetan ere maila oso altuan ari baita. Kapitaina 30 minutu jokatzen ari da partidako; 13,9 puntu lortzen; bi hirukotik gora sartzen; eta 4,2 errebote hartzen. Bilbo Basket ez da Europako txapelketarik jokatzen ari, eta aste barruko atsedena indarrak kudeatzen lagundu dio. Ligako hegaleko onena da kasik, eta, piboten batek min hartu duenean, ez du uztaipean sartzeko arazorik izan. Hala gertatu da Axel Hervelle eta Ethan Wraggeren lesioekin.

Pistatik kanpokoek, baina, zapatilekin eginikoen adinako pisua dute Bilbo Basketen zaleen bihotzetan. Mumbru ligako txapeldunorde izan zen talde hartan egon zen, eta lau urte geroago sasoirik gogorrena ere probatu zuen. Aldagelako ahotsa izan zen, eta jakina da diru gehien zor diotenen jokalarietako bat dela, eta zorraren zati bat barkatu zutenetako bat ere bai. Berak ulertarazi zuenez, ia sasoi osoa zor zion taldeak. Ez zen egoera erraza izan berarentzat, besteak beste bere ordezkarietako bat Gorka Arrinda zelako, taldearen akziodun nagusi ohia, eta jokalariak ez zuelako akordioa hautsi bere ordezkaritza zeraman enpresarekin.

Arlo pertsonalean ere hura sasoi ona izan zen, eta azken txanpan tituluen lehian zegoen talderen batera joan zitekeela zabaldu zen. Baina ez, ez zuen halakorik egin. Taldeko buru berriekin hitz egin eta Bilbon jarraitzea erabaki zuen. Urtebeterako kontratua gelditzen zitzaion. Are gehiago, zuzendaritza berria udan Espainiako Kirol Batzordearekin bildu zenean, Mumbru han zen.

Iraganaren eta orainaren ondoren, etorkizuna du argitzeko. Sasoi amaieran bukatuko zaio kontratua, eta jarraitzea litzateke logikoena. Dena ondo bidean, soldata jaitsi beharko luke, bere denboraldi bikaina izaten ari den arren. Dena den, ezustekoa litzateke Bilbo uztea. Zuzendaritza berriarekin harreman oso ona du, eta zorra negoziatzeko gaian eskuzabala izan zen, beraz, ez litzateke harritzekoa behin erretiroa hartuta taldearen azpiegituran jarraitzea. Galdera, baina, airean dago: noiz?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.