Retabet Bilbo Basket 80 Real Madril 87

Galtzeko erak baitaude

Bilbo Basketek galdu egin du Real Madrilen aurka, baina itxura ona eman du. Azken txanpara arte egon da bete-betean sartuta lehian

Julen Etxeberria.
2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Retabet Bilbo Basket. Tabu (8), Tomas (11), Todorovic (15), Hervelle (13), Gladness (8)—hasierako bostekoa—; Fischer (6), Mumbru (4), Hammink, Redivo (14) eta Kempton (1).

Real Madril. Campazzo (11), Doncic (13), Causeur (6), Thompkins (3), Ayon (8)—hasierako bostekoa—; Randolph (26),Carroll (7), Kuzmic (2), Taylor (5), Reyes (2) eta Rudy Fernandez (4).

Markagailua. 28-20, 45-43 (atsedenaldian);62-60 eta 80-87.

Epaileak. Hierrezulo, Oyon eta Munar. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 8.511 ikusle Miribilla pabiloian.

Galtzeko moduak eta moduak daude. Ez da gauza bera talde apal baten aurka 40 minutuz itxura eskasa eman ondoren galtzea edo talde ahaltsu batekin 40 minutuz nor baino nor gehiago aritu ostean amore eman behar izatea. Batek zapore oso txarra uzten du, eta besteak, gazi-gozoa.

Bietatik dastatu du jada Retabet Bilbo Basketek denboraldi honetan. Estreinakoan, Fuenlabradan (Espainia), itxura benetan txarra eman zuen. Hankapean ibili zuen ustez koska bat beherago dagoen talde horrek. Porrotak eta emandako itxura eskasak areagotu besterik ez zituen egin zalantzak taldeak denboraldi honetan eman dezakeenaz.

Astebete ez da pasatu, eta egoera aldatu egin da. Beltza zena grisa da orain. Norgehiagoka bat nahikoa izan da horretarako, galdutako norgehiagoka, baina oso ondo jokatutakoa, eta, meritu handiena duena, Real Madrilen gisako talde benetan indartsu baten kontra jokatutakoa.

Azkeneko laurdenera arte eutsi zion etxeko taldeak Espainiakoari. Ondo eutsi ere, partidak iraun zuen minutu gehienetan aurretik izan baitzen. Nagusitasun hori, gainera, hasieratik inposatutakoa izan zen, etxekoenak izan baitziren partidako lehen zazpi puntuak. Ez zen izan Bilbo Basketek markagailuan ihes egin zuen aldibakarra. Hirugarren laurdenaren hasieran, adibidez, bederatzi puntu zen gainetik: 52-43. Merezita zegoen goitik, talde lanean oinarrituta, oso ondo ari baitzen.

Etxekoen taldeko lanari banakako jokaldiekin erantzun zion Real Madrilek. Eta Pablo Lasok entrenatutako taldeak ezer sobera baldin badu, hori kalitatea da:Doncic, Randolph, Campazzo, Ayon, Carroll, Rudy Fernandez... Gutxirekin asko egin dezakete horiek guztiek. Atzo ere ezer gutxi behar izan zuten hirugarren laurdenaren hasieran 2-11ko partziala lortu eta berdintzeko (54-54).

Hala ere, zutik eutsi zuen Bilbo Basketek. Indarra ere atera zuen berriro aurretik jartzeko azken laurdenaren hasieran (68-64).Orduan eman zuten kolpe erabakigarria bisitariek, 0-13ko partziala lortuta. Bost minutu baino gutxiago falta ziren, eta bederatzi puntu zen aurretik Real Madril (68-77). Erabakita zegoen partida. Etxekoek azkeneko ahalegina egin zuten (76-81), baina erdibidean geratu ziren.

Amaieran, txaloka agurtu zituzten zaleek etxekoak, atzokoan bai, barruan zuten onena eman baitzuten. Baikor egoteko motiboak daude, itxura ona baitu taldeak. Taldean zeudenek mailari eusten diote—Todorovicek hamabost puntu sartu zituen eta Hervellek hamahiru—, eta iritsi direnak ere ekarpen polita egin dezakete. Redivo nabarmendu zen berriro atzo iritsi berrien artean, hamalausartuta. Guztien jarduna, ordea, txiki geratu zen Randolphenarekin alderatuta. Bera izan zen izarra: 26 puntu, zortzi errebote eta 30ko balorazioa lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.