Futbolean sarritan erabiltzen dira betiko esaldiak, eta haietako bat da hau: irabazteko asko eta galtzeko gutxi dauka halako taldeak partida jakin batean. Itxuraz, gaur Alavesek Zaragozan jokatuko duen lehia aztertzeko, esaldi egokia izan zitekeen. Zaragozan jokatzea, berez, denboraldiko neurketarik zailena delako eta, itxuraz, irabazteko baino galtzeko partida errazagoa delako. Baina sailkapenak ez du gezurrik esaten, talde bakoitza dagokion lekuan jartzen du, eta Bigarren Mailakoan, arabarrak espainiarrak baino hobeto ari dira; puntu bat ateratzen diete. Horrenbestez, aukera ederra du gaur Alavesek garaipenaren bidez goiko postuetan finkatzeko. Irabazteko asko dauka, beraz. Galtzen badu, aldiz, aukera hori galduko du, eta asko galtzea litzateke.
Partida garrantzitsua da Alavesentzat. Jokatu aurreko azterketetan, Zaragoza da talde handia, eta Alaves txikia. Baina zelaian horrek ez dauka baliorik. Irabazteko asko eta galtzeko gutxi daukala pentsatzea talde ahulen jarrera litzateke. Hiru puntu ia-ia harrika botatzea. Jokatu aurretik, partida galduko duzula onartzea. Zaila izango dela aintzat hartzea beste gauza bat da. Erraza ez da izango, baina Alaves gai da Zaragozan irabazteko. Partida bakoitza aparte aztertu beharrekoa dela kontuan hartuta ere, Anoetan gertatu zenaz oroitu besterik ez dago. Orduko hartan, Reala egungo Zaragoza baino hobeto zebilen, eta, hala ere, Alavesek berdinketa lortu zuen. Gaur zergatik ez berdindu edota irabazi?
Jose Maria Salmeronen hitzak adierazgarriak izan dira aste honetan: «Zaragozaren aurkako partida irabazten saiatuko gara, etxetik kanpo jokatu ohi dugun guztietan bezala». Ez da abiapuntu txarra. Astean zehar jokalariei asmo hori helarazteko gai izan bada, eta jokalariek barneratzen badute irabazteko gai direla, garaipenaren oinarriak finkatzen hasita egongo da taldea. Gero, futbolak, jokoak, beste norabide baterantz eraman dezake partida, Anoetan gertatu zitzaien bezala. Astean zehar hasieratik kontzentratuta eta bizi jokatu behar zutela esan arren, minutua betetzerako galtzen ari ziren Donostian. Hasieratik sendo azaltzea oso garrantzitsua izango da gaur ere, partida guztietan bezala.
Salmeronek ez du hamaikakoaren inguruko argibiderik eman, baina ematen du bi zalantza dituela, biak ere atzealdeari dagozkionak. Batetik, ez du argitu nor izango den Cesar Canedaren bikotekidea erdialdean, Pablo Casar edota Mateo; bestetik, ezker hegalean Raul Llorente edo Edu Albacar ariko den ere ez du azaldu. Aurrealdean, Javi Guerra kili-kolo dabil, sabeleko arazo batzuk tarteko; baina, oker handirik ezean, hasieratik ariko da, oso jokalari garrantzitsua baita taldearentzat. Beste gainontzean, ez da aldaketarik izango, eta Liga hasi zenetik ohikoak direnak ariko dira gaur Zaragozan. Deialdiari dagokionez, berrikuntza nagusia Jose Luis Cabrera da. Duela zortzi hilabete hartu zuen min, Malagan (Espainia), eta harrezkero, osatzeko lanean aritu da lehendabizi, eta sasoia hartzen gero. «Gurekin ekartzeko unea da hau, haren ezaugarri teknikoak eta fisikoak oso baliagarriak izango ditugulako», esan du Salmeronek.
Ez zaio komeni partida irekirik
Zaragozaren aurka eta haren etxean lehia kontrolpean edukitzea ez da lan erraza. Alavesentzat garrantzitsua litzateke etxekoen jokatzeko modua ahalik eta gehien galaraztea; Zaragoza baloiaren jabe denean, ezin dio erraztasunik eman. Ahalik eta traba gehienak jarri behar dizkio. Baloiaren jabe Alaves denean, berriz, asko arriskatu gabe eraso beharko dio. Izan ere, galbidea litzateke partida ireki eta haustea. Baldintza horietan, Zaragozako jokalariek baloiarekin duten kalitate tekniko hobea nagusituko litzateke. Hortaz, kolpeari kolpearekin erantzutea ez zaio komeni Alavesi. Partida lotua komeni zaio. Zaragozak, ziurrenik, boladaka jokatuko du, eta erauntsi horietan, sendo eutsi beharko dio Gasteizko taldeak. Une txar horietan sufritzen baldin badaki, aukerak izango ditu aurkariari min emateko.
Zaragoza, Salmeronek esan duen bezala, «talde zaila da, Bigarren Mailako jokalari onenak dauzkalako». Liga gaizki hasi zuen, baina. Gero, ematen zuen bere onera etortzeko bidean zela. Arrasto onean sartuta zegoen, baina joan zen astean, Herculesen aurka galdu eta gero, berriz ekin beharko dio bideari. Zaleek hori eskatuko diote gaur, eta Alavesen onerako izan daiteke. Ewerthon min hartuta dago, eta litekeena da haren lekuan, Oliveiraren bikotekide, Arizmendik jokatzea. Hark eskuin hegalean utziko lukeen lekua Jorge Lopezentzat izango litzateke, eta ezker hegalean Caffak jokatuko luke. Atzealdeko hegal berean, Paredes itzul daiteke hamaikakora.
Galtzeko nahiz irabazteko asko
Alavesek Zaragozan jokatuko du gaur, eta, partida gaiztoa dirudien arren, aukera ederra du goialdean finkatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu