Buruz burukoak ez ezik lau t'erdikoak ere sekulako bilakaera izan baitu jokoan. Piloteo luze eta ongi jarriari erremate eta gantxo bat-batekoak hartu dio gaina. Bat-bateko horretan aurrelariak hobeto moldatzea normala da. Baliabide gehiago dituzte eta ohituago daude. Atzelariak galdu egiten dira horren distantzia txikian. «Espazioa da gure arazorik handiena. Urte osoa pilotari altuera eman behar diozula pentsatuz aritzen zara, ahalik eta urrutien jarri behar duzula pentsatuz. Eta aste batetik bestera aurreko koadroetan ari zara, ez daukazu ohiturarik eta gaizki pasatzen duzu. Ez baldar sentitzen zarelako, horrela jokatzeko ohiturarik ez daukazulako baizik». Aitor Zubietak joan den asten egindako hausnarketa da, eta laburbitzen du atzelari gehienek kaiola barruan sentitzen dutena.
Gehienek diogu, badaudelako salbuespenak ere. Bat-batekoan luzean eta indarrean bezain ongi moldatzen diren atzelarien salbuespena da hori. Egun, bi atzelari daude horrelakoak: Abel Barriola eta Patxi Ruiz. Atzelariak izan bai, baina tantoak amaitzen eta hanka jokoan aurrelari trebeenaren pare aritzeko gaitasuna dutenak dira biak. 2004tik bi horiek dira finalerdietan sartzeko gai izan diren bakarrak. 2010ean ere bi horiek dira finalerdietan sartzeko aukera duten bakarrak. Beroizek eta Zubietak ere hasi zuten txapelketa, baina lehen kanporaketan esan zuten agur.
Azken urteotan, izan ere, atzera egin du atzelarien parte-hartzeak. Izan dira urteak hamalau eta bederatzi atzelari aritu direnak (2001 eta 2002), baina azken urteetan bi edo hiru izan dira gehienera jota. Tokia galtzen joan dira apurka, eta aipatutako horiek baino ez diote eusten.
Eta gaur jakingo da bi horietako batek bere postuari eutsiko dion edo ez. Barriolak Bengoetxea VI.aren kontra jokatuko du Labriten. Buruz buru zein lau t'erdian askotan aritutakoak dira. Leitza erdia frontoian izango da, eta beste erdia, haiei begira.
Azken txapelketak
ATZELARIEN JARDUNA2000. Hiru atzelari aritu ziren: Elkoro, Berna eta Lasa III.a .
2001. Hamalau atzelari aritu ziren: Imaz, Goñi III.a, Berna, Elkoro, Lasa III.a, Pascual, Zearra, Armendariz, Otxandorena, Errasti, Errandonea eta Rai. Finalerdietarako Lasa, Barriola eta Beloki sailkatu ziren. Eta Barriolak txapela jantzi zuen.
2002. Bederatzi atzelari aritu ziren: Rai, Elkoro, Armendariz, Ruiz, Imaz, Goñi III.a, Beloki, Lasa eta Barriola. Azken hori txapeldunordea izan zen.
2003. Lau atzelari aritu ziren: Beloki, Ruiz, Armendariz eta Barriola. Beloki sailkatu zen finalerdietarako.
2004. Hiru atzelari aritu ziren: Barriola, Ruiz eta Beloki. Barriola txapeldunordea izan zen.
2005. Hiru atzelari aritu ziren: Ruiz, Eulate eta Beloki. Ruiz sailkatu zen finalerdietarako.
2006. Hiru atzelari aritu ziren: Peñagarikano, Barriola eta Ruiz. Barriola txapeldunordea izan zen.
2007. Bi atzelari aritu ziren: Zubieta eta Barriola. Barriola sailkatu zen finalerdietarako.
2008. Hiru atzelari aritu ziren: Ruiz, Zubieta eta Barriola. Barriola sartu zen finalerdietan.
2009. Bi atzelari aritu ziren: Beroiz eta Ruiz.
2010. Lau atzelari hasi dira: Beroiz, Zubieta, Ruiz eta Barriola. Lehen biak kanporatu egin dituzte, eta beste biek gaur eta bihar dituzte partidak.