Garai zaharretako bi

Heninek eta Serena Williamsek jokatuko dute Australiako Irekiko finala, Zheng eta Li Nari irabazi ondotik

Erredakzioa
Donostia
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Txinatar bat finalerako sailkatzeko aukeren erdia zegoen, baina bertze erdiaren kalitatea eta esperientzia nagusitu zen. Justine Heninek eta Serena Williamsek jokatuko dute Australiako Irekiko finala, atzo jokatutako finalerdietan txinatarren ametsa bukatu baitzuten. Belgikarrak 6-1 eta 6-0 irabazi zion Jie Zhengi, eta estatubatuarrak 7-6 eta 7-6 Li Nari. Bukatzear den hamarkada honen hasieratik punta-puntan ibili diren bi tenislarik jokatuko dute, beraz, urteko lehen Grand Slameko finala, azken urteotan agertu diren talentu berriak bidean utzita. Garai zaharretako lehiaren kutsua badu ere, Serenak eta Heninek ez dute inoiz jokatu elkarren aurka Grand Slam bateko final batean.

Heninek urte eta erdi erretiroan egin ondotik, lehengoa izaten jarraitzen duela erakutsi du denboraldi hasieran, eta, atzo, hori egiaztatu ahal izan zuen Zhengek, belgikarrak ez baitzion aukerarik eman. Finalerako sailkatzeko bi set nahikoa izan zituen Heninek, eta Zhengek joko bakarra baino ez zion irabazi. 51 minutu eskas iraun zuen partidak. 2007ko AEBetako Irekiaz geroztik, Heninek jokatuko duen Grand Slameko lehen finala da hau. Orduko hartan Kim Clijsters bere aurkari minari irabazi zion.

Serenak, bertzalde, Li Naren erresistentzia gogorrari aitzin egin behar izan zion. Bi ordutik goiti iraun zuen norgehiagokak, eta txinatarrak partida erabakitzeko lau aukera zapuztu zizkion estatubatuarrari. Azkenean, ordea, Serenaren esperientzia eta indarra nagusitu ziren, eta zuzeneko sake batekin erabaki zuen finalerako sailkatzea. Horrenbertzez, iazko garaipena errepikatzeko aukera izanen du, eta argi eta garbi jarraituko du WTA zerrendako lidergoan. Li Na, berriz, lehenbiziko aldiz zerrendako Top 10ean sartuko da.

Murray finalera

Gizonezkoen adarrean, atzo jokatu zen lehen finalerdia, Andy Murrayren eta Marin Cilicen artean, eta eskoziarrak lortu zuen finalean sartzea, nagusitasunez: 3-6, 6-4, 6-4 eta 6-2. Kroaziarrak, ekitaldi honetako ezusteko nagusiak, lehen seta irabazi zuen, baina bigarrena galdu ondotik, hurrengo bietan ezin izan zuen deus ere egin Murrayren joko biziaren aurka. Gaur jokatuko da bertze finalerdia, Roger Federerren eta Jo-Wilfried Tsongaren artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.