Bilbo Basket 86. Real Madril 82

Garaile gorabeheratsua

Bikain aritu da minutu askotan Bilbo Basket, baina borrokatzeari utzi eta hauspoa eman dio Real Madrili bukaeran

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Bilbo Basket. Jackson (12), Banic (13), Mumbru (15), J. Fischer (2), Grimau (5) —hasierako bostekoa—; Hampl, Stevic, Lopez (11), D. Fischer (10), Vasileiadis (18) eta Blums.

Real Madril. Suarez (3), Velickovic (5), Begic, Carroll (7), Llull (10) —hasierako bostekoa—; Tomic (17), Fernandez (17), Pocius (3), Mirotic, Rodriguez (2) eta Reyes (18).

Markagailua. 24-14, 46-33 (atsedenaldian); 64-58 eta 86-82.

Epaileak. Bertran, Ortiz eta Calatrava. Aaron Jackson eta Grimau kanporatu zituzten, bost faltarekin.

Bestelakoak. 9.600 ikusle Bilboko Bizkaia Arena pabiloian.

Talde bateko entrenatzaileak esaten duena entzutea baino ezer hoberik ez, talde hori sasoiz nola dagoen jakiteko. Katsikarisek bere taldeak hilabetetxo bat beharko duela esan eta esan aritu da elkarrizketa guztietan, eta arrazoia eman beste aukerarik ez daukagu. Bilbo Basket zerutik infernura ibili delako ligako lehen bi partidetan. Orain ondo, bikain, irits ezin, ondoren gaizki, intentsitaterik gabe eta pareko taldeari arnasa ematen, aurkaria itota dagoenean.

Bilbo Basketek partida bikaina egin zuen minutu askotan, lehen hiru laurdenak ia-ia. Hainbesteraino, 26. minutuan erabakita zegoela dema: 62-43 bizkaitarrak nagusi. Nahierara ari zen Jackson, saskiratzen eta taldekideak elikatzen. Gozatzen Banic, Tomic herrikideari trufa egiten bere oin mugimendu bikainarekin. Mumbru ere partida onak egin zalea da bere taldea izandakoaren aurka, eta bere gorputz handiari etekina ateratzen maisua dela erakuts zuen hamaikagarrenez. Bizkarreko jokoan Pocius izarra erotu zuen.

Bilbo Basketek partida hasiera zoragarria egin zuen, eta orduan lortutako abantailari esker presiorik gabe jokatzea lortu zuten luze. 14-0 aurreratu ziren beltzekoak, eta galduta zebilen Real Madril. Carroll aulkian bi faltekin, eta Laso Sergio Rodriguezi epelak botatzen. 10-12 puntuta gerturatu zen Real Madril bigarren zatian, baina 19 punturaino handitu zuen aldea Mumbruk.

Ondoren, gora egin zuen Real Madrilek zonakako defentsa onari esker, eta markagailuari buelta emateko aukeraren bat ere izan zuten. Ez ziren aurretik jarri, eta bukaeran ondo eutsi zioten Vasileiadisek eta Raul Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.