Helvetia Anaitasunak ez du erraz ahaztuko 2011. urtea. Ez da harritzekoa, 28 urteren ostean, eskubaloiko maila nagusira itzuli den urtea izan baita aurtengoa. Urtea, baina, ez da bukatu, eta Iruñeko taldeak badu oraindik aukera urteari amaiera ona emateko. Horretarako, Ciudad Encantadari irabazi behar dio gaur, Asobal ligako lehen itzuliko azken jardunaldian (12:30). Urtea ondo amaitu nahi izatea ez da akuilu bakarra Anaitasunarentzat. Etxean jokatuko du etenaldiaren aurreko azken partida, bere zaleen aurrean, eta horrek ere pizgarri izan behar luke. 2011ri agur esateko modu ezin hobea litzateke neurketa irabaztea eta garaipena etxekoei eskaintzea.
Ciudad Encantadari irabaztea, hala ere, ez da lan samurra izango. Francisco Javier Ekisoain Zupo-k entrenatutako taldea bikain ari da denboraldi honetan. Sailkapenak dioena ikusi besterik ez dago: seigarren da Cuencako taldea (Espainia), eta Caja3 Aragoi, Valladolid, Ademar, Atletico Madril eta Bartzelona soilik ditu aurretik.
Etxaburu aurkariaren sasoiaren jakitun da. «Oso ondo ari da, eta konfiantzaz dago, Torrevellari eta Logroñori irabazi ostean. Gainera, Kopan sartzea ziurtatu nahiko du». Bestelako helburua du Anaitasunak: jaitsiera postuekiko aldea handitzea. Egun bi puntura ditu. Jokalariei dagokienez, Jose Manuel Garcia Pocholo-k jokatu ezinik jarraitzen du, eta David Rodriguez Carvajal ere kili-kolo dabil, arazo fisikoekin.
Garaipen batekin amaitu nahi du Anaitasunak Asobal ligako lehen itzulia
Iruñeko taldeak bere zaleen aurrean jokatuko du Ciudad Encantadaren aurka (12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu