Garaipen gose da Hamilton

McLaren taldeak autoa berritu du, eta aurreneko bi postuak lortu ditu Valentziako entrenamendu saioan

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duela lau aste, Lewis Hamilton ez zen oroitzen azken garaipena non lortu zuen. Hungarian irabazi aurretik, Txinan igaro zuen helmuga lehen postuan, 2008ko urriaren 19an. Azken poleposition-a ere Txinako asteburu hartan lortu zuen, baina horri ere erremedioa jarri zion atzo, Europako Sari Nagusian. Valentziako kaleetan zehar eginiko entrenamendu saioan McLareneko gidariak egin zuen denbora onena, Heiki Kovalainen taldekidearen aurretik. McLarenen itzulera da.

Titulua bi talderen arteko lehiara mugatu da ia denboraldi hasieratik. BrawnGP eta Red Bull taldeak besteen gainetik izan dira ia beti, lasterketa bakan batzuk alde batera utzita. Eta Valentzian lehia hori ez da ahuldu, lehen bezain hertsi baitirau. Mark Webber kenduta -atzo bederatzigarren izan zen-, Rubens Barrichello, Sebastian Vettel eta Jenson Button bata bestearen atzean daude irteeran. Elkarri begira egongo dira, bai baitakite titulurako aurkari zuzenak direla.

McLaren ez dago lehia horretara gonbidatuta, denboraldiari oso gaizki ekin ziolako. Lehen erdian, gainera, taldeak norabidez aldatzeko eginiko ahaleginek ez zuten hobekuntzarik ekarri, eta urtea hasi bezain negargarri amaituko zutela zirudien. Baina taldeak dituen baliabideak izugarriak dira, eta herren jaiotako autoa garaile bilakatu dute. Zirkuituak ere horretan zeresan handia du, kale artean korrituta abiadura ez delako oso handia. Eta, hain zuzen ere, abiadura handietan aerodinamikak garrantzia hartzen duenean sufritzen du gehien McLaren autoak.

Valentzian, aldiz, haize gutxi eta bero handia egiten du. Zirkuitua oso laua da eta bihurgune mantsoak ditu. Monakok dituen berezitasunetara iritsi gabe, hiri-zirkuitu bat da eta horretan ongi moldatzen dira beti McLarenen autoak. Horrez gain, KERSa beste inork baino hobeto txertatu dute autoan, eta orain ari da etekina ematen. Hala, dagoeneko McLarenek galdegin du ea hurrengo urterako erabil daitekeen, lehenago FOTA osatzen duten talde guztien artean kontrakoa adostu bazuten ere. FIAren araudiak baimendu egiten du KERSa 2010erako, eta FOTAtik kanpo dauden talde batzuk erabiltzea aztertzen ari dira.

Batzuetan, marketin arrazoiek bultzatuta, taldeek pole-a bilatzen dute, erregai gutxi gainean hartuz, baina McLarenen emaitza honek ez dirudi kea bakarrik denik. Atzean sua dagoen seinale da. Gainera, Hamiltonek Kovalainen du atzean, babesteko. Irteeran KERSa horren lagungarri izanda, lehen bihurgunearen ondoren McLareneko bi autoek behar lukete buruan, eta talde lana egin garaipena eskuratzeko.

Horrek, nola ez, eragin zuzena izango du txapelketa jokoan dutenen artean. Izan ere, pentsatzekoa da McLarenek puntuak kenduko dizkiela BrawnGP eta Red Bull taldeetako gidariei, eta horrek inori mesede egingo badio, liderrari egingo dio. Vettelek eta Webberrek puntu gutxiago izango dituzte Buttoni gerturatzeko, eta titulurako bidean oso garrantzitsua izan daiteke. Buttonek hogei puntuko aldea ateratzen dio Webberri, baina konturatu da ezin duela azken lasterketetako erritmoan abantaila hori galtzen joan. Brawneko gidariak badaki garaipena ia ezinezko duela, baina bere aurkari zuzenek lortzen ez duten bitartean, gaitz erdi berarentzat.

Aipatu beharrekoa da Luca Badoerrek egindako paper eskasa ere. Ferrarin Felipe Massaren ordezko lana betetzen ari da, eta azken postuan sailkatu zen, aurrenekoarengandik oso urrun. Italiarra oso lasai agertu da une oro, eta beti adierazi du prestaketa modura hartuko zuela lasterketa hau, baina Ferrari ez da gauza horiek onar ditzakeen talde bat. Gogorra da Ferrari auto bati horren etekin gutxi ateratzea. Ezin berdina esan Renaulteko Romain Grosjeani buruz; Fernando Alonsoren denboretatik gertu ibili zen une oro, eta Q2an gelditu bazen ere, lasterketa bakarrean Piquetek baino itxura hobea eman du dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.