Urtero legez, Real Madrilen bisitak ikusmin handia sortu du Athleticeko jarraitzaileen artean. Zale zuri-gorrientzat denboraldiko neurketarik garrantzitsuenetakoa da. Zuri-gorri askorentzat, Bartzelonaren eta euskal derbien gainetik dago. Espainiako taldeari irabazteak zapore berezia dauka. Gozoa oso. Horregatik, Jose Mourinho eta haren taldearen bisitak ikusmin handia sortu du. Zuzendaritzako kideak ere jakinaren gainean zeuden. Horregatik erabaki zuten gaurko partida klubaren egun erdia izendatzea. Eta, hala ere, giro ederra egongo da San Mamesen. Harmailak ia beteta egongo dira, eta zelaira joango direnak taldea animatzeko irrikaz egongo dira. Norgehiagoka beroa izango da.
Denboraldion, gainera, Espainiako Ligako klasikoak berez duen interesa ez ezik, bi taldeek jokoan dutena ere hartu behar da aintzat. Sportingen kontra galdu ostean, Liga irabazteko ia aukera barik geratu da Real Madril. Bartzelonak Santiago Bernabeun jokatu beharko du datorren astean. Hala ere, Pep Guardiolaren taldeak daukan zortzi puntuko errenta ezerezean uztea ia ezinezkoa dela dirudi. Dena dela, Real Madrili azken errematea ematea da Athleticen asmoa. Zaleek ikaragarri gozatuko lukete, Real Madril baita zuri-gorriek gehien gorroto duten taldea —Ligaren historian talde onena izan delako seguruenik—. Baina, horretarako, irabazi egin behar du Athleticek. Eta ez da lan samurra izango, Real Madril talde lehiakorra eta irabazlea izan delako beti. Eta Mourinhok taldearen ardura hartu zuenetik areagotu egin da espainiarren garaipen gosea. Bilbon denek uste dute Real Madrilek gaurko partida bete-betean jokatuko duela. «Real Madrilek ez du amore emango oraindik aukeraren bat duen bitartean. Real Madrilek duen historiagatik, hobe da Bartzelonarengandik gertu egotea, nahiz eta irabazi ez», esan zuen atzo Joaquin Caparrosek. Mourinhok gauza bera uste du. Horregatik, jokatzeko moduan dauden izar guztiak sartu ditu deialdian. Benzema eta Khedira geratu dira zerrendatik kanpo, biek arazo fisikoak dituztelako.
Bestalde, Mourinho bera ere ezin aipatzeke utzi. Futbolean dagoen entrenatzailerik mediatikoenak beti ematen du zeresana. Asteon ez du Athleticen inguruan hitz egiteko gogorik izan, baina Bilbon ez du inork ahaztu. Eta, seguruenik, entrenatzaile portugaldarrak ere ez zuen San Mames ahaztuko. Bartzelonan Bobby Robson zenaren itzultzailea zenetik da ezaguna Mourinho. Katedral-ean Luis Fernandezekin izan zuen ika-mika. Antzeko izaera duten oilar biren arteko eztabaida izan zen. Orduan bestelakorik bazirudien ere, portugaldarraren entrenatzaile ibilbidea frantziarrarena baino askoz hobea izaten ari da. Ea gaur zein jarrera duen San Mamesen.
Athleticek alde batera utzi beharko ditu Mourinhoren trikimailuak. Nahikoa lan izango du aurrean duen taldea zaintzen. «Partida osoa jokatu beharko dugu. Erasoan eraginkortasuna izateaz gain, defentsan ere ondo aritu beharko dugu. Talde moduan jokatu behar dugu». Eta, hala ere, lanak izango ditu aurkariari eusteko. «Ezinbestekoa izango da neurketan arreta ez galtzea. Huts txiki bat nahikoa da partida pikutara bidaltzeko».
Muniain, zain
Hamaikakoari dagokionez, Caparrosek zalantza bakarra dauka: Iker Muniain. Athleticeko erdilari gazteak minduta amaitu zuen Almeriaren kontrako partida. Horregatik taldetik aparte entrenatu da aste guztian. Arazoak arazo, okerrik ezean, jokatzeko prest egongo da. Hala ere, azken unera arte ez du baiezkoa emateko asmorik. Goi mailako futbolean denbora gutxi eraman arren, jada inork ez du zalantzan jartzen Muniainek Athleticen erasoko jokoan duen garrantzia. Ezker hegaletik abiatuta, bera da aurkariaren atzeko lerroan zuloak aurkitzeko arduraduna. Aukera txikiena baliatzeko gai da. Eta jaurtiketa egiteko hanketan indarra hartzen duen egunean are eta arriskutsuagoa izango da. Gaztea izan arren, pisu handiko jokalaria da gaur egungo Athleticen.
Gainerakoan, ez da aldaketarik espero. Atzealdean, Almerian aritu ziren laurek jokatuko dute. Beraz, Castillo bigarrenez egongo da hamaikakoan. Zelai erdian, berriz, Gurpegi ariko da eskuin hegalean. Andosillakoak Marcelo zaintzeko ardura izango du. Eta aurrean Toquerok eta Llorentek jokatuko dute. Hamaikako lehiakorra da, baina estrategia jokaldietan min egiteko futbolari bat falta da. David Lopez eta Gabilondo, arlo horretan espezialista diren futbolari biak, aulkian egongo dira. Beraz, Orbaizek hartu beharko du ardura hori.
Garaipen gozoenaren bila
Europara bidean beste pauso bat eman eta, bide batez, Real Madril Liga irabazteko aukera barik laga gura du AthleticekMourinhok jokatzeko moduan dauden izar guztiak sartu ditu deialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu