Itxako. Navarro, Barno (1), Pinedo, Jessica Alonso (2, 1p), Turey (3, 2p), Fernandez (1), Barbosa(9)—hasierako zazpikoa—; Stefani, Egozkue (1), Aguilar (1), Soit (3), Martin (4, 2p), Kurbanova eta Nerea Pena.
Krim Mercator. Soberl, Mavsar (8, 4p), Bodnieva (3), Jankovic, Penezic (5), Ceckova, Lekic (4) —hasierako zazpikoa—; Grubisic, Vergeliuk, Geissman, Varlec (2), Pus, Koren (1) eta Zrnec (1).
Markagailua. 4-2, 5-5, 7-10, 11-11,14-12, 15-13 (atsedenaldian); 17-14, 17-15, 18-17, 20-20, 22-23 eta 25-24.
Epaileak. Andersen eta Sodal (Norvegia). Bi minutuz kanporatuak: Itxakoko Barbosa, Turey, Jessica Alonso eta Egozkue; eta Krimeko Zrnec, Pus eta Mavsar (bi aldiz).
Bestelakoak. 1.800 ikusle inguru Lizarrerria kiroldegian.
Multzoko beste partida. Buducnost-Oltchim (gaur, 19:30).
Historikoa. Halakoxea da Itxakok atzo Krim Mercator Esloveniako taldearen kontra lortu zuen garaipena. Bi puntu ez ezik, Txapeldunen Ligako finalerdietarako aukera ere eman baitzion Lizarrako taldeari. Lehendabiziko aldiz sailkatu dira nafarrak Europako lau onenen artean. Kostata, gainera, 25-24 amaitu baitzen partida. Lizarrako jokalariei gehiegi sumatu zitzaien arduraren zama, eta, ondorioz, sufritu egin zuten,pistan haien erritmoa ezartzeko. Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek berak onartu zuen partidaren amaieran: «Sari handia genuen zain, irabaziz gero, eta, hainbat unetan, gehiegizkoa izan zen jokalariek sumatu zuten presioa».
Presio horren ondorioz, Itxakok ezin izan zuen aurreko partidetan bezain lasai jokatu. Erasoan, batez ere, ohi baino huts gehiago egin zuen Lizarrako taldeak. Baloia mugitzeko hamaika arazo izan zuten nafarrek, eta golak sartzeko tenorean sumatu zen egoera horren eragina. Bigarren zatian izan zen bereziki nabarmena etxekoen urduritasuna. Silvia Navarro atezaina izan zen, neurri handi batean, Itxakoko jokalarien salbatzailea. Partida 25-24 zenean, Krimen esku zegoen azken erasoa. Norgehiagoka berdintzeko aukera eskura zuen Esloveniako taldeak. Baina Navarrok jaurtiketa gelditu egin zuen.Zalantza keinu bakar bat ere ez zuen egin, eta, ondorioz, garaipena eman zion Itxakori. «Markagailuari so nengoen. Ez nekien baloiak defentsako norbait ukituko ote zuen. Zorionez, baloia gelditu dut», onartu zuen atezainak, partida amaitu eta gero.
Navarroren, eta Itxakoko gainontzeko jokalarien poza ikaragarria zen atzo neurketa amaieran. Zaleekin ospatu ahal izan zuten garaipena. 60 minutuz, hala ere, ederki sufritu zuten. Oreka eta lehia bizia izan ziren partidako ezaugarri nagusiak. Itxakok finalerdiak zituen jokoan; eta Krimek, berriz, garaipena behar zuen lehiaketan aurrera egiteko aukerarik gabe ez gelditzeko. Hala ere, etxeko taldeak asmatu zuen lehendabiziko minutuetan, eta aurretik jarri zen markagailuan. Lehen zatiaren 15. minutuan, ordea, egoera aldatu zen. Partida bosna berdindu, eta 0-3ko partzialari esker, aurretik jarri zen Krim markagailuan.
Une horretan zalantza izan zen nagusi Ambrosek zuzendutako jokalarien artean. Defentsan ongi aritu ziren, oro har, baina erasoan arazo anitz izan zuten. Krimen kontraerasoak, halaber, min handia egin zion Itxakori. Urduritasunak, dena den, ez zuen luze iraun. Presioa pizgarri bilakatzeko gai izan ziren nafarrak. Suspertu eta berriz ere, haien esku hartu zuten norgehiagokaren kontrola.
Aurkaria: Gyori edo Larvik
Lehendabiziko zatia 15-13 amaitu zen Itxakoren alde. Nafarrak markagailuan aurretik ziren. Baina partida ez zegoen, inondik inora, erabakita. Bigarren zatia gogorra izan zen. Gogorra, gainera, bi taldeentzat. Oreka, lehendabiziko zatian baino nabarmenagoa izan zen. Izugarri kostatu zitzaien bi taldeei gola sartzea. Itxako, berriz ere, ezinean aritu zen hainbat minutuz. Navarrori esker, ordea, finalerdietarako sailkatzeko ametsari eutsi ahal izan zion. Atezainaren azken geldiketak urrea balio duen garaipena eman zion Lizarrako taldeari. Amets egiten jarraitzea da orain kontua. Buducnostek eta Otlchimek elkarren aurka jokatuko dute gaur Montenegron. Partida berdinketarekin amaituz gero edo Errumaniako taldeak irabaziz gero, Itxako A multzoko lehen sailkatu gisa egingo luke aurrera, eta B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko luke: Hungariako Gyori edo Norvegiako Larvik. «Finalerdietan faboritorik ez da. Argi dago esperientzia bertzeen esku dela, baina guk aurrera egiteko grina eta ilusioa dugu alde». Horixe azpimarratu zuen Ambrosek. Apirileko lehendabiziko bi asteburuetan jokatuko dira finalerdiak. Lau onenen artean izanen da Itxako. Eta bidea oraindik ez da amaitu.
Itxako 25.Krim Mercator 24
Garaipen historikoa Itxakorentzat
Lizarrako taldea Txapeldunen Ligako finalerdietarako sailkatu da lehen aldiz, Krim mendean hartu eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu