Alaves 1-0 Atletico Madril

Garaipen lasaigarria lortu du Alavesek Atletico Madrilen aurka

Arabarrek denboraldiko lehen puntuak bildu dituzte, etxean ligako txapeldunari irabazita. Hasi eta berehala jarri dira aurretik, eta gero, sendotasun handiz eutsi diote errentari

enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 25a
16:43
Entzun

Alavesek men egin dio gaur bere ereserkiari, indarrez berpiztu baita. Gutxien espero zenean, gainera, Atletico izan baitu bisitan. Lehiarik galdu gabe zegoen Ligako txapelduna; arabarrek, aldiz, hutsik zuten puntuen zakua. Bada, lehiakortasuna bat-batean berreskuratu dute gaur, eta merezita gailendu zaizkio Diego Simeoneren taldeari. Garaipen handia izan da, duen balioari nahiz lortzeko moduari dagokionez. Laguardiak 4. minutuan apurtu du lehia, korner batean, eta ondoren, erresistentzia ariketa gogoangarria egin du Gasteizko taldeak. Tinko eutsi dio emaitzari, eta azken txanpan bigarrena egiteko abaguneak ere izan ditu. Irabazita, arnasa hartu dute zaleek, jokalariek, eta batez ere, Javi Callejak.

Bolada txarra eteteko asmoz, hamaikako berritzailea zelairatu du Alaveseko teknikariak asmoz. Hautatuen artean ez zeuden ez Joselu, ez Pina; haien ordez, De la Fuentek eta Toni Moyak jokatu dute hasieratik. Halaber, prestatzaileak apustu deigarria egin du defentsan, bosteko lerroa ezarrita. Ximo Navarro erdian jarri du, eta Martin Agirregabiria eskuinean. Atletico ispiluaren aurrean jartzea zen helburua, espainiarrak ere bost atzelarirekin hasi baitira.

Bada, asmatu egin du Callejak, eta odolkiak ordainetan eman dizkio Simeoneri, haren emaitza kutuna lortu baitu Alavesek: 1-0. Partida hasi orduko sartu du garaitzeko gola Laguardiak. Ametsetako hasiera izan da arabarrentzat. Alde txar bat ere badute, ordea, gol goiztiarrek: aurkariak oraindik ia neurketa osoa du bere onera itzultzeko. Eta mehatxua askoz ere handiagoa da aurrean duzun aurkaria Atletico Madril bada. Haatik, orain arte erakutsi gabeko irmotasuna izan du Alavesek defentsa lanetan. Barruko pasabide guztiak itxi ditu, eta kosk egin du presioan. Lerro artean ia gaindiezina izan da.

Soilik bi estualdi izan ditu. Bata, lehen zatiaren erdialdean, Laguardiaren urruntze txar bat eta Riojaren baloi galera arriskutsu bat tarteko. Alabaina, Llorentek eta Griezmannek ez dute asmatu jokaldiak bukatzen. Atsedenetik bueltan, baloi bat atepetik atera du Laguardiak, eta beranduago, Pachecok agertu behar izan du Correaren jaurtiketa lehen zutoinean gelditzeko. Argentinarra bigarren zatian sartu du Simeonek, eta aurrelariak zorroztu egin du Atleticoren erasoko jokoa. Zutik iraun du, ordea, Alavesek, eta bigarrena egiteko zorian izan da, Loum eta Pinaren bidez. Dena den, ez du gol gehiagoren beharrik izan denboraldiko lehen garaipena lotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.