Poza ezkutatu ezinik zebilen atzo Igor Anton (Galdakao, Bizkaia, 1983) Vueltaren aurkezpenean. «Asko gustatzen zait ibilbidea». Igoera asko eta erlojupeko kilometro gutxi. Neurri-neurrikoa da bizkaitarrarentzat, eta podiumera begira jarri da jada.
Denboraldia hasteko zorian dago. Zein dira Igor Antonen helburuak?
Iazkoa baino samurragoa izango da denboraldia, Vueltara bete-betean iristeko. Maiatzera arte World Tourreko proba gehienetan egoten saiatuko naiz: Paris-Nizan, Liejan, Flechan, Romandian... eta baita Zornotzako eta Lizarrako klasikoetan ere. Hortik aurrera, Giroa baztertuta, Vuelta prestatuko dut, buru-belarri.
Iazkoa ikusita, ezinezkoa da Giroa eta Vuelta bete-betean egitea?
Oso Giro gogorra izan zen iazkoa, eta ez nuen lortu gorputza bere onera ekartzea. Vueltaren atarian gaixotu egin nintzen, gainera, eta indar falta nabaritu nuen gero. Orain bi urte bete-betean nengoen, eta maila hori berreskuratu nahi dut.
Ibilbidea oso egokia da zuretzat, eta hasiera, oso berezia.
Bai. Asko gustatzen zait Vuelta. Etapa guztietan egon beharra dago oso adi. Zazpi etapa oso menditsuak dira, eta horiek oso aproposak dira niretzat. Eta beste amaiera batzuk ere oso urduriak izango dira. Arrateko etapa oso goiz iritsiko da, eta denborarik ez galtzea izango da egun horretako helburua. Kontzentratuta egon beharko dugu.
Ibilbidea aztertuta, beraz, Vuelta irabazteko hautagaietako bat da Igor Anton?
Hasi eta bukatu bete-betean aritzea izango da helburua. Ez dakit irabazteko gai izango naizen, baina orain bi urteko mailarekin, niretzat aurrerapauso handia litzateke podiumean sartzea. Urrun ikusten dut garaipena, baina ez da ezinezkoa.
Igor Anton. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Garaipena urrun ikusten dut, baina ez da ezinezkoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu