Athleticek irabazi egin ditu jokatu dituen azken hiru norgehiagokak. Bi euskal derbi Espainiako Ligan, eta Paris Saint-Germainen kontrakoa Europako Ligan. Frantziako taldea mendean hartzeak prestigioa ematen dio edozein talderi, eta euskal taldeen kontra eskuratutako garaipenek balio berezia izaten dute. Hortaz, pozik egoteko arrazoiak badaude.
Aurkaria mendean hartzeak balio du gehien futbolean, baina emaitzaren atzean dagoenak ere asko balio du. Talde baten jokoa zein den erakusten du. Bada, Athleticek neurketa horietan egindako lanak itxaropentsu izateko arrazoiak eman ditu. Egia esan, sasoiko lehen jardunaldietan, emaitzak onak izan ez zirenean ere, gauza interesgarriak erakutsi zituen talde zuri-gorriak. Baina jakina da azken saria lortzen ez bada zelaian egindakoa ez dela baloratzen. Hori bai, egindako lana hor dago. Eta ereindakoa hasi da uzta ematen.
Athletic ondo aritu da azken partidetan. Lehen jardunaldietan erasoaren eta defentsako lanaren artean falta izan zitzaion oreka hartzen ari dela erakutsi du. Ausart eta erasokor ari da jokatzen. Lan fisiko ikaragarrian oinarritutako jokoari esker ari da emaitza onak eskuratzen. Baina oraindik gauza asko daude hobetzeko. Athleticek oraindik ez du neurketa oso bat jokatu. Hala ere, zelaian egiten duena hobetuz doa. Bielsak ere argi dauka hori. «Gauza onak gehiago izan dira hobetu beharrekoak baino», esan zuen Osasuna mendean hartu ondoren. Entrenatzailearen azken adierazpenek ez dute zerikusirik irail hasieran esandakoekin: «Gauza asko ditugu hobetzeko. Ni naiz taldea egiten ari den joko eskasaren erantzule nagusia». Bistan da oker hasi zena zuzentzen ari dela.
Salzburgo talde egokia izan daiteke hutsak zuzentzen eta konfiantza hartzen jarraitzeko. Austriako Liga indartsu hasi zuen, baina azken jardunaldietan nabarmen egin du behera. Orain, hirugarrena da sailkapenean, Admira Wacker eta Austria Vienaren atzetik. Azken jardunaldian 1-1 berdindu zuen etxean Wacker Insbrucken kontra. Talde apal horretan Iñaki Beak eta Carlos Merinok jokatzen dute. Athleticeko erdilari ohiak ondo ezagutzen du zuri-gorrien hurrengo aurkaria. Eta, haren ustez, Athletic «gehiago» da. Beak, berriz, Salzburgoren arma nagusia estrategia dela iritzi dio. Jokalariei dagokienez, Leonardo brasildarra —eskuin hegalean aritzen den ezkerra— eta Maierhoter —2,02 metro— aurrelari handia dira ondo zaindu beharrekoak.
Athletic talde hobea da, baina ez litzateke komenigarria izango jokatu aurretik garaipena eskuan izango dela pentsatzea. Futbolean ohikoak dira ezustekoak. Gainera, austriarrek erraz hartu zuten mendean Slovan ligaxkako aurreko jardunaldian. «Hasiera batean, neurketa irabazteko hautagai nagusiak gara, baina epaileak txistua jotzen duen unetik aurrera edozer gerta daiteke», esan zuen atzo Iker Muniainek.
Aldaketak egitea komeni
Salzburgoko jokalariak hurrengo kanporaketarekin ametsetan ari dira. Athleticek daukan amets berbera da. Zuri-gorriek aukera bikaina dute final-hamaseirenetarako sailkatzeko: gaur irabaziz gero, bederatzi puntu izango lituzkete, eta badirudi nahikoa izango direla aurrera egiteko. Jokalariek ere badakite zer dagoen jokoan. «Salzburgo mendean hartuz gero, aukera asko izango dugu hurrengo kanporaketa jokatzeko. Neurketa garrantzitsua da», adierazi zuen Fernando Amorebietak.
Gaur irabazita, Europan gozatzen jarraitzeaz gain, urtea amaitu bitartean ligari lehentasuna emateko aukera izango luke Bielsak. Beharra ere badago, zazpi jardunalditan zortzi puntu eskuratu dituen talde bat ezin baita lasai egon. Athletic, zorionez, neurketa asko ari da jokatzen. Ligako egutegia gogorra da. Datorren udan Eurokopa jokatuko da, eta horregatik, maiatzerako dago amaitu beharra. Ligari Espainiako Kopa eta Europako Liga gehituz gero, atsedenerako denbora gutxi izango du talde zuri-gorriak.
Horri aurre egiteko zer egingo duen da galdera orain. Bielsaren teoria argi dago: «Nik ez dut txandatzerik egingo. Jokalarien sasoiaren arabera erabakiko dut hamaikakoa», esan zuen gai horren inguruan galdetu ziotenean. Pentsamendu horrekin jarraitzen badu, gaur ere azken jardunaldietan aritu direnek jokatu beharko dute. Baina zuhurtziaz jokatzea ere ez litzateke txarto egongo. Llorente eta Gabilondo, besteak beste, kili-kolo ibili ziren aurreko astean. Amorebieta, berriz, asko jokatzen aritzeaz gain, bidaia luzeak egiten ari da. Beharbada une aproposa izan daiteke futbol gosez dauden taldekide batzuen alde egiteko. Toquerok, Herrerak, David Lopezek eta enparauek eskertuko lukete aukera.
Garaipenak txartela balio du
Salzburgo mendean hartzeko gai baldin bada, Athleticek eskura izango du Europako Ligako final-hamaseirenetan sartzeaTalde zuri-gorriaren jokoa sendotzen ari da, baina zelaian oraindik badago zer hobetu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu