Etapa irabazlea, serio, aldamenera begira. Eta bigarren sailkatua, eskuineko besoa altxatuta, garaipena ez zen garaipena ospatzen. Elkarri begira, elkarri galdezka, nahastuta iritsi ziren atzo helmugara Cadel Evans (BMC) eta Alberto Contador (Saxo Bank), Frantziako Tourreko laugarren etapan, Murreko aldapa gogorrean. Liderraren hori kolorea zeukan buruan australiarrak, eta lehen etapetako galeraren amorrua baretuko zuen garaipena espainiarrak. Biak geratu ziren bidean. Thor Hushovd liderrak (Garmin-Cervelo) erantzun dotorea eman zion Contadorren eraso bikoitzari, eta hamar laguneko taldetxoan helmugaratu zen. Etapa bai, baina liderraren maillota ez zuen eskuratu Evansek. Contadorrek, berriz, BMCkoaren gurpila ondo hartuta, gerri kolpe bat falta izan zuen atzetik aurrerako mugimenduari errematea emateko. Pare bat zentimetro. Gehiago ez.
Biak hazita aterako dira, hala ere, atzoko etapatik, ia faborito guztiak itota geratu zirelako azken horman; Andy Schleck (Leopard) tartean. Evans puntu-puntuan iritsi da Tourrera, eta, laugarren etaparako, lortu du jada Tourreko lehen garaipena. Inoiz garaipenik lortu gabe zegoen australiarra. Bigarren dago sailkapen nagusian, eta, bai joan den larunbatean, bai taldekako erlojupekoan, eta bai atzo, Tourra irabazteko faborito argia dela erakutsi zuen. Contadorrek, berriz, jo du lehen kolpea. Galera handia pilatu zuen lehen bi etapetan, eta errepidea gogortzen den bakoitzean erasoa jo beharrean dago. Philippe Gilberten (Pharma-Lotto) erasoaren zain zeuden denak atzo, baina espainiarrak astindu zuen tropela, bi aldiz.
Eta astindu horrek eduki zuen eraginik, faboritoetako asko ezinean geratu zirelako Saxo Bankekoak Murren gora egindako bi erritmo aldaketekin. Sei-zortzi segundoko galera izan zen, baina atzoko mugimenduak indarra emango die bai Evansi, eta baita Contadorri ere. Izan ere, buruak lan handia egiten du hiru asteko itzulietan. Zortzi txirrindulari soilik izan ziren gai bi horien indar erakustaldiari eusteko: Aleksandr Vinokurov (Astana), Rigoberto Uran (Sky), Gilbert, Hushovd, Frank Schleck (Leopard), Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Jurgen Van den Broeck (Pharma-Lotto) eta Andreas Kloeden (RadioShack).
Hortik atzera hasi ziren komeriak. Sei segundo galdu zituzten Bradley Wigginsek (Sky) eta Ivan Bassok (Liquigas), eta zortzi beste faboritoetako batzuek: Chris Horner, Levi Leipheimer eta Janez Brajkovicek (RadioShack), Robert Gesinkek (Rabobank), Damiano Cunegok (Lampre), Tony Martinek (Highroad), Ryder Hesjedalek (Garmin-Cervelo)... eta Andy Schleckek. Contadorren eta Andy Schlecken arteko dema espero dute gehienek aurtengo Tourrean, eta espainiarrak zortzi segundo jan zizkion atzo luxenburgotarrari. Minutu eta erdikoa da orain bien arteko aldea —Evansek, berriz, 1.41 minutuko aldea dauka Contadorrekiko—.
Gorka Izagirreren ausardia
Murreko bi kilometroko igoerari eta Gilberti begira zeuden ia denak atzo. Baina etapak aurretik izan zuen zalapartarik. Euria goian-behean ari zuela, bederatzigarren kilometrorako sortu zen ihesaldia, bost lagunekoa. Bi euskal txirrindulari sartu ziren tartean: Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi) eta Imanol Erbiti (Movistar). Horiekin batera, tropela estutzen saiatu ziren Blel Kadri (Ag2r), Jeremy Roy (Francaise des Jeux) eta Johnny Hoogerland (Vacansoleil). Azkar apurtu zuten lau minuturen langa —30. kilometrorako 4.10 minutukoa zen aldea—. Baina tropelak ez zuen ezusterik nahi. Aurreko bostekoa gertutik lotzea erabaki zuten Garmin-Cervelok, BMCk, Omega Pharma-Lottok eta Liquigasek.
Ondoren etor zitekeenaren aurrerapena izan zen 150 kilometro horietan hainbat taldek tropelaren buruan egin zuten lana, nahiz eta etapa irabazteko faborito argiak huts egin zuen azkenean. Aurreko bostekoak bazekien zail-zaila izango zela ihesaldiari etekina ateratzea, une oro bi minutu ingurukoa izan zelako aldea. Baina aipagarria izan zen Izagirrek erakutsi zuen borrokarako grina. Ormaiztegiarrak aurten egin du debuta Tourrean, baina, tropela gain-gainean zegoela ere, bi eraso gogor jo zituen. Ez zuen etekinik atera, helmugarako lau kilometro eskas falta zirenean harrapatu zuelako tropelak bostekoa. Baina saiakera polita izan zen. Ez da azkena izango.
Karaez (Carhaix) eta Cap Frehel artean, 164,5 kilometro dauzka gaurko etapak, eta, esprinta espero den arren, haizeak min egin dezake ibilbide guztian.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Garaipenaren parekoa
Alberto Contadorrek altxatu zuen besoa helmugan, baina Cadel Evansek irabazi du Tourreko laugarren etapaFaborito gehienek zortzi segundo galdu dituzte helmugan, tartean Andy Schleck
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu