Munduko 1 Formulako Txapelketako hiru lasterketa beharrezko izan dira sailkapenak benetako egoera erakuts zezan. Lewis Hamilton (McLaren) jarri da agintean, eta Jenson Button taldekidea du atzetik. Hiru aldiz hirugarren izan da Hamilton sasoi honetan, eta horrek esan nahi du garaipenetik nahiko urrun izan dela beti. Igandean ere, Txinako Sari Nagusian, ez zuen aukerarik izan. Ez berak eta ez beste inork ere, Nico Rosbergek (Mercedes) sekulako aldearekin irabazi zuelako. McLarenek eman du orain arteko lasterketetan itxura osoena, baina asko kostatzen ari zaio irabaztea. Australian Buttonek irabazi zuenetik ez da berriro igo podiumeko koska gorenera.
Rosbergen ibilbideko lehen garaipena ezustean iritsi zen. Mercedesen DRS sistema oso eraginkorra da, aldi berean aurreko aleroian ere eragiten baitu. Jakina zen sailkatzean oso mesedarria zela, eta gutxiago lasterketan. Horri gehitu behar zaio Mercedesek pneumatikoak irentsi egin dituela lehen bi lasterketetan, tenperatura tarte oso zehatza behar baitute egoki lan egiteko. Mercedesen kasuan tenperatura tartea oso estua da, eta handik ateraz gero, pneumatikoak txikitu egiten dira. Erantzun hori aldatzea ez da erraza, eta askotan urte osoan horri buelta eman ezinda ibiltzen dira taldeak. Horregatik, harrigarria izan zen Rosbergek horren erraz irabazi izana.
Hogei segunduren aldeaz irabaztea bera nagusitasunaren isla da. Haren atzetik zegoen gidari taldea oso tarte txikian zebilen, eta Rosberg haiengandik urrun, satelite baten modura. Haren garaipenaren oinarria orain arte haien ahuldade izan zen faktorea izan zen: pneumatiko erabilera. Bere atzekoek baino geldialdi bat gutxiago egin zuen, pneumatikoak oso ondo gorde ahal izan zituelako. Australian eta Malaysian ez zuen punturik lortu Rosbergek, eta Txinan agertu zen. Ordu arte taldeak puntu bakarra zuen, Michael Schumacherrek Malaysian lortutakoa. Halako errendimendu aldaketa oso bitxia da, eta datorren asteburuan Bahrainen ikusiko da benetan arazoaren iturria topatu duten edo Shanghaiko zirkuituaren berezitasuna den.
Beste datu interesgarri batzuk ere utzi dituzte lehen hiru lasterketek. Bata deigarria da: Felipe Massa (Ferrari) da hiru talde berriak kenduta punturik lortu ez duen bakarra. Txinan Fernando Alonso taldekidearengandik gertuago ibili zen, baina berriro haren atzetik amaitu zuen: espainiarra bederatzigarren eta brasildarra hamahirugarren. Horrez gain, erdiko multzoa izugarri estutu da, eta horren adibide bat: Kimi Raikkonen (Lotus) bigarren postuan zegoen bederatzi itzuli falta zirela, baina hamar segundora zuen soilik Paul di Resta 13.a(Force India). Eta hori guztia segurtasun autorik gabe, euririk gabe eta ezohiko egoerarik gabe.
Datorren asteburuan Bahrainen izango da lehia, benetako lehia pistatik at izaten ari diren arren. Iaz bertan behera geratu zen proba, segurtasun arazoengatik; hain zuzen, aurtengoa kolokan jarri duen arrazoi berarengatik. Ferrarirentzat oso pista txarra omen da, baina, Pirelli pneumatikoentzat estreinaldia izango denez, ezin da aurreratu emaitza.
Garaipenik gabe lider
Rosbergek estreinakoz irabazi du 1 Formulako Txapelketan, Txinan, eta Hamilton da lehena orain sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu