Binakako txapelketako ligaxkan,jardunaldia bitxia izango da asteburu honetan. Hiru falta dira lehen fasea bukatzeko, eta hori izango da enpresa bereko bikoteen artean jokatuko den azkena. Kontua da hiruk deus ere ez dutela jokoan eta beti dagoela tentazioa norberaren onena ez emateko enpresako beste bikote baten interesen alde. «Beti egongo dira susmoak», onartu zuen atzo Aimar Olaizolak, bere helburua beti irabaztea dela nabarmendu aurretik. «Finalerdietarako sailkatuta egon arren, irabaztera irtengo gara. Guztioi gustatzen zaigu irabaztea. Txapelketako bigarren partida balitz bezala jokatuko dugu guk».
Beroizekin ariko da etzi, Labriten, Bengoetxea VI.a eta Apraizen aurka. Bikoteek atzo aukeratu zituzten pilotak, eta Uharteko atzelariak bere kidearen hitzak berretsi zituen. «Larunbatean irabaztea izango da helburua, orain arte eginikoak pentsatu gabe». Presio berdina sumatuko dute Aritz Lasa-Zubietak eta Arretxe II.a-Beginok, eta Olaizolak oso argi du denek garbi jokatuko dutela. «Asteburu honetan, badago deus ere jokoan ez duen bikoterik, baina ziur nago, gu bezala, bikote guztiak euren onena ematera eta irabazterairtengo direla. Lagunen eta enpresako kideen aurka jokatu arren, profesionala izan beharra dago, eta irabaztera irten».
Antzeko egoerak izan dira aurretik, eta ez dago pilotarien susmorik izateko arrazoirik. Horregatik, aurkariek ere ez dute oparirik espero; ez, behintzat, Oinatz Bengoetxeak, berari antzeko zerbait pasatu zitzaiolako aurtengo sanferminetan. «Hemen ez dago talde agindurik. Profesionala izan beharra dago. Eurak hala direla badakigu, eta erlaxatu gabe eta irabaztera irtengo direla, hori baita egin behar dutena».
Apraizek ere badaki ez dutela arratsalde samurra izango. «Partida guztietan euren aurkariek oso gogor jokatzen dute, eta, hala ere, irabazi egiten dute. Ez da erraza asmatzen nola irabaz dakiekeen. Ezin hobeto jokatzen badugu, aukeraren bat izango dugu; baina, hala eta guztiz, zaila izango da». Pilotak, behintzat, ez dira aitzakia izango, bi bikoteak gustura gelditu baitziren aurkitutakoarekin. Bengoetxeak eta Apraizek ohi baino biziagoak aukeratu zituzten, bazekitelako aurkariek zakarren alde egingo zutela.
Angelun egin zuten atzoko beste pilota aukeraketa, eta Xala-Laskurain eta Titin III.a-Merino gustura gelditu ziren. Albistea da, Aspeko pilotariak aste luzez kexatu baitira gustuko pilotarik ez zutelako, baina badirudi egoera zuzendu dela. Elhorga ezohiko plaza da, eta lau pilotariek nabarmendu zuten zoru bizia duela. Xalaren sasoiak zeresana eman du azken egunetan, baina, adierazi zuenez, osatu da. «Gastroenteritisa ahaztuta dago. Duela bi igande oso gaizki nengoen, eta iragan asteko asteazkenean okerrera egin nuen. Zornotzan sufritu nuen, baina jada ahaztuta dago».
Zubietak jokatu egingo du
Aitor Zubieta txapelketara itzuliko da igandean, Irujo-Barriolaren aurka. Eskuetako minak hobera egin dio, eta jokatzeko moduan dago. Atzo egin zuen azken proba, eta, gaur, pilota aukeraketan egongo da, Eibarko Astelenan (11:30). Etxarriko atzelariak ez du jokatu azken hiru asteetan, eta, aurretik, beste jardunaldi batean egin zuen kale. Arratsaldean, beste aukeraketa bat egingo dute, Tolosan (16:00). Han, Arretxe II.a-Begino eta Berasaluze VIII.a-Albisu elkartuko dira.
Garbi jokatuko dute
Olaizola II.a-Beroizek aurreratu dute etzi euren onena emango dutela, enpresa interesei kalte egin arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu