Garrantzitsuena oraingoz

Sailkapenean hondoratuta jarraitu nahi ez badu, Osasunak nahitaez irabazi beharra dauka gaur, Nafarroako ErresumanNeurketak garrantzi berezia du, Valladolid aurkari zuzena baita mailari eusteko bidean

Garrantzitsuena oraingoz.
Iruñea
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Finala ez dela argi dago, denboraldia amaitzeko 29 jardunaldi falta direla ez baitago final hitza erabiltzerik. Hargatik, ez dago ukatzerik Osasunak gaur arratsaldean Valladoliden aurka Nafarroako Erresuman jokatuko duen neurketa benetan garrantzitsua dela. Sailkapeneko azken postuan dira nafarrak, bederatzi jardunaldi jokatuta; partida bakarra irabazi dute denboraldia hasi zenetik, eta suspertu nahi baldin badute, lehenbailehen puntuak batzen hastea komeni zaie.

Oso bestelakoa da gaurko aurkariaren egoera. Valladolid erosoago iritsi da Iruñera, 11 punturekin sailkapeneko hamargarren postuan baitago. Gaurko partidak, gainera, garrantzi berezia dauka, mailari eusteko lehian aurkari zuzenak baitira Osasuna eta Valladolid. Gaur irabaziz gero, Valladolid hiru puntura izango dute gorritxoek. Hori da asmoa; adorea indarberritzeko balioko luke arerio zuzen baten aurka irabazteak, eta ezin da denbora gehiago alferrik galdu.

Jose Luis Mendilibarrek oldarkorrago ikusi nahi du bere taldea. «Oldarkor aritzea eskatzen diet jokalariei, aurkariaren zelaian joka dezatela ahal duten denbora guztian, baina ez baloiaren jabe izateko soilik; erremateak ere ikusi nahi ditut, gol aukerak, alegia. Osasuna beti izan da talde oldarkorra, are eta gehiago etxean bere zaleen aurrean jokatu duenean, eta hori berreskuratu beharra dago, azken partidetan apur bat behera egin baitugu arlo horretan. Eta hori ezin dugu onartu, klub guztien aurrekontuak ikusita erraza baita ondorioztatzea talde askok guk baino kalitate handiagoa dutela. Baina oldarkortasunean, arlo horretan, ezin gaitu inork gainditu. Horretan nagusi izan behar dugu», esan zuen atzo Osasunako entrenatzaileak, Taxoaren, azken entrenamendua amaituta.

Lamah, Nino eta Bertran gabe

Hasierako hamaikakoan aldaketa bat baino gehiago egingo ditu Mendilibarrek, besteak beste, hiru jokalari min hartuta baitaude: Marc Bertran, Nino eta Lamah. Erdilari belgikarra hasieratik aritu zen Atletico Madrilen zelaian jokatutako Ligako azken norgehiagokan —hark sartu zuen gorritxoen gol bakarra—, eta beraz, hamaikakoa errepikatzerik ez du zaldibartarrak, nahi izan arren. Gainera, Vicente Calderonen Annan euskarri afrikarra ere hasierako hamaikakoan izan zen, eta jokatzeko moduan egonagatik, atzo deialditik kanpo utzi zuen Mendilibarrek, Etxaide, Roberto Torres eta Flañorekin batera. Azken hiru horiek hasieratik aritu ziren Sportingen aurkako Kopako partidan. Baina ez zuten Mendilibar konbentzitu, dirudienez. Aldiz, Masudek, Sisik eta Manu Omwuk, bai, hirurak deialdian sartu baitzituen atzo. Hiru horiez gain, Damiaren itzulera da berritasuna deialdian. Partida bateko zigorra beteta, hasieratik aritzeko aukera handiadu kataluniarrak.

Mendilibarrentzat ere partida berezia izango da gaurkoa, Valladolideko entrenatzaile kargutik kendu zutenetik lehendabiziko aldiz ariko baita bere talde ohiaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.