Brasileko jokalariek, zaleek eta herritarrek asko errezatzen dute, eta agian, horregatik gertatu da gaur gertatu dena. Scolarik ere errezoak egingo ditu, ezkutuan, eta aspalditik. Ez dago hainbesterekin (jokalariak) hain gutxi egin (jokoa) eta halako irabazia (gaur, final 1/4etarako txartela eta 2002an, Munduko Kopa) ateratzea. Txile hobeto aritu da orokorrean, talde landua dela erakutsi du, baina Brasilek egin du aurrera. Scolariren zurruntasuna beste selekzioren batek zigortu beharko du hemendik aurrera.
Brasil hau hartu eta historian zehar izan dena alderatzea gogorra da. Mingarria. Entrenatzaile baten filosofiak (?) nola bota dezakeen kolpe batean urteetako jokoa, herriari han lotua zegoena, herritarren izaerari, bizitzeko erari. Irabazteak dena balio omen du, eta helburuak baliabideak justifikatzen ditu kasu honetan. Baina kontua hau da: horrela jokatuta zenbat aldiz gehiagotan irabaziko du Scolarik? Defentsaren atzetik defentsa, eta ondoren ere defentsa. Erasoan, berriz, ateratzen dena. Hor konpon. Futbola osotasun bezala hartzen dugunontzat, urruti dago Scolari. Irabazteak poza ematen du, eta pozik dira Brasilen. Baina pentsatzeko astia hartzen badute, poza zalantza bihurtzeko motiboak ematen dizkie Scolariren jardunak. Eta futbolak eskertuko luke gogoeta sakona egitea egin behar duenak. Brasil horrela ikustea oso mingarria da.
Azkar sartu du gola etxeko taldeak. 18. minutuan. Korner batean, bere atean sartu du Jara atzelariak, David Luiz gainean zuenean. Txile deseroso ibili da hasiera horretan. Jokoa ezin lotu. Makal. Eman izan du partida handitxo geratzen ari zitzaiola. Akaso, zelaiaren egoera txarrak ez dio batere lagundu: lehorra zegoen, eta belarra luzea. Txileren ezaugarri onenetakoa da erritmoa bizitzea, eta zelai horretan, lanak.
Brasil atzean sartu da, eta kontraerasoan eta baloi luzeekin min egin dio Txileri. Bravok lan pixka bat egin behar izan du gol gehiago ez jasotzeko. Txilek ezinean segitzen zuen, baina halako batean, Hulken pase txar bat baliatu du Alexisek berdinketa sartzeko. 32. minutuan izan da gola. Hortxe bukatu dira Brasilen indar txikiak, eta Txile, eroso ez bazegoen ere, hobetoxeago moldatzen hasi da.
Bigarren zatian bai, Txile betiko Txile izan da. Erritmo hain bizia ezarri ezinda, baloia gordetzen hasi da, ondo mugituz. Baina ez dio etekinik atera joko horri. Aukera bakarra izan du tarte horretan, baina Julio Cesarrek urruntze dotorea egin du. Brasil berandu heltzen zen leku guztietara: defenditzen eskas, eta erasoan azaldu gabe. Hortxe izan du momentua Txilek, baina ez dio beste martxa bat sartu jokoari. Errespetu gehiegi, akaso; Brasilen kontraerasoaren beldur, ziurrenik.
Gero, Brasilek hartu du agintea berriz, baina jokoa sortu ezinda jarraitu du. Txile atzerago egon dela baliatuz, area inguruan ibili da sarritan, baina aukera garbirik sortzeko jokorik ez. Eta aukera laurden horietan Bravok lan ona egin du.
Luzapena. Bi taldeak nekatuta. Eta beste 30 minutu jokatu behar. Ezinean. Indarrik ez ezertarako. Minutua minutuari gehituz joan da, eta ematen zuen penaltietan erabakiko zela lehia. Hala izan da, baina brasildarren errezoek eragina izan dutelako. Eta Scolariren zorte onak. Azken-azken jokaldian, luzapenean, Pinillak langara jaurti du baloia. Txileren urteetako galtzaile izaera petrala azaldu da berriz. Eta penaltietan beste horrenbeste gertatu da. 3-2 irabazi dio Brasilek, eta azkeneko penaltian, Txilek jaurti eta berdinketa zitekeen horretan. Jarak ( a ze egun beltza berea) zutoinera bota du. Poz handia Brasilen emaitzaren aldetik; poz txikia jokoaren ikuspegi sakonetik. Eta Txilek jasoko ditu txaloak, eta Sampaolik loreak. Hemendik ere bai. Tori. Ez die inoiz kontsolamendurik emango... zorte ona ia beti berdinen aldera joaten delako.