Txirrindularitza

Gastroenteritisak jota, Giroa uztea erabaki du Landak

Hamargarren etapa hastearekin batera atzean gelditu da Sky taldeko murgiarra, eta zazpi minututik gorako galera pilatuta zeukala etsi du. Bigarren atseden egunaren ondoren, mendiko lehen etapa izan dute.

Landa, Euskal Herriko Itzulian, Garrastatxun garaile. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 17a
07:57
Entzun

Albiste txar-txarrak iritsi dira Italiako Girotik. Herenegun erlojupeko bikaina egin eta faborito nagusien artean are indar handiagoa hartu berritan, Mikel Landa (Sky) erretiratu egin da Giroan, 66. kilometroan. Taldeak jakinarazi duenez, "gastroentiritisak jota" dago txirrindularia. "Tripako minez jaiki da goizean goiz, baina etapari aurre egiteko moduan izango zela uste genuen". Etapa hastearekin batera, ordea, nabarmen gelditu da Landaren ezina, Collina hirugarren mailako mendatean gora atzean gelditu delako arabarra.

Mikel Nieve eta David Lopez taldekideak ondoan zituela, saiatu da tropel nagusiarekin bat egiten, baina ezinezkoa izan da. Gorputza gehiago egurtu gabe, erretiratzea erabaki du, azkenean. Sailkapen nagusian zortzigarren postuan zegoen Landa, Gianluca Brambillarengandik (Etixx) 1.18 minutura.

Kolpetik iritsi da albiste txarra, bai atzo, bigarren atseden egunean, eta bai gaur goizean bertan, Campi Bisenzio eta Sestola arteko etapa hasi aurretik (219 km), oso baikor hitz egin duelako txirrindulariak. "Hanketan indarrik baldin badaukat, erasora joko dut", adierazi du arabarrak. Errepideak eta osasun arazoek, ordea, Giroa irabazteko lehiatik kanpo utzi dute. Dave Brailsford Skyko managerrak adierazi duenez, "talde gisa" joan ziren Girora. "Eta talde gisa jarraituko dugu, nahiz eta Mikel zen apustua. Pena da, mendiko etapetan erasora jotzeko prest zegoelako, Giroa animatzeko". Inigo Sarriegi taldeko medikuaren hitzetan, datozen orduetan erabakiko dute Landa nola artatu. "Lehenbailehen lehiara itzuli ahal izateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.